euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Victor 'Vitico' Bereciartua, argentinar rockeroa: 'Sid Vicious eta Indiana Jones-en arteko nahasketa bat naiz'

2009/05/15

Victor 'Vitico' Bereciartua, Lujan ibaian etxerako bidean (argazkia LaVozDelInterior)
Victor 'Vitico' Bereciartua, Lujan ibaian etxerako bidean (argazkia LaVozDelInterior)

PUBLIZITATEA

61 urterekin, Victor 'Vitico' Bereciartua Argentinako rockaren historiaren parte da, eta azkenaldian, Andres Calamaro bezalako musikariak bere ekarpena aldarrikatzen ari dira. Euskal latinotzat du berak bere burua; 'Viticus' bandarekin darrai errepidean eta Euskal Herrian hainbat emanaldi egin ditu. Bere bidaien maletan rockaren izen handiekin abenturak eta kontzertuak gordetzen ditu, The Who taldeko Keith Moon eta Pete Towsendekin Ingalaterran, eta bere lagun Norberto 'Pappo' Napolitanorekin Riff talde argentinar mitikoan. La Voz del Interior egunkariak jarraian laburtu eta euskaratzen dugun elkarrizketa hau egin dio.

Tigre, Argentina. [Julio Esnaolak, Villa Mercedes-eko Euskal Etxeko presidenteak, La Voz del Interior egunkariak Victor 'Vitico' Bereciartua rockeroari egin dion elkarrizketa helarazi digu] Bereciartua Riff, Argentinako rock munduko talde mitikoetako baten parte izan zen, 2005ean hil zen Norberto 'Pappo' Napolitanorekin. Orain, 61 urterekin, bere adineko jendearekin ezin duela jo dio, eta Víticus taldean ari da bere seme Nicolas, iloba Sebastian, “Vasco” Urionagüena baterijole eta Ariel Rodríguez kantariarekin.

'Beraiek nire esperientziarekin elikatzen dira, eta ni beren gogoarekin. Ez nuke sekula nire adineko jendearekin joko. Egiaz, musikan izan nuen lagun bakarra Pappo izan zen', azaltzen du. Viticus taldearekin hainbat kontzertu eman ditu Euskal Herrian; arbasoen lurra asko maite duela dio, nahiz eta euskaraz 'tutik ere ez' egin. Luján ibaiko Tigrearen deltan duen etxean ikurrina bat du.

Rock zale sutsua

'Rocka maite duen pertsona bat naiz eta taldeak egiten ditut nik bezala maite dutenek disfrutatu dezaten. Garrantzitsuena taldea da, izan dezakeen kimika. Entzuleei oinak mugituarazi eta 'demontre, tipo hauek ondo jotzen dute' esanaraztea. Keith Richards-ek zioen bezala, munduko rock & roll talderik onena gauero leku desberdin batean dago. Une bakoitzeko adrenalina, sortzen diren energiak, gauza asko dira beharrezkoak', azaltzen du.

Berriki argentinar musikako beste ikur batek, Andrés Calamarok, bideo batean parte hartzeko gonbitea egin zion. 'Andrés laguna dut. Nirea eta Papporena. Besteen aurretik joan da beti bere pentsaeran. Kasu honetan, Viticus rock & roll-aren adierazle dela pentsatuko zuen. Hori bai, grabazioaren egunean produkzio taldeko batek deitu zidan jantziteria-arduradunarekin hitzordua egiteko.  "Jantzirik ez", esan nion, gonbidapena onartzen dut baina horrela aterako naiz, naizen bezala', gogoratzen du.

Punka punkaren aurretik

70. hamarkadaren hasieran Vitico Inglaterrara joan zen, eta han uneko talde handiak ezagutu zituen. Gainera urte horietan 'punka punkaren aurretik' ezagutzeko aukera izan zuen. Hain da horrela, Pete Townshendek (The Who) lehen punka bezala definitu zuela. "'The punk and the godfather' miniopera idatzi zidan Pete-k", azaltzen du. "Letra kakazaharra zen".

Nahiz eta Ingalaterrako esperientzia zaila izan --'No me fue bien en el extranjero' da bakarlari gisa egin zuen lanetako baten izenburua-- oroitzapen onak ditu: "Keith Moon-ekin jo ahal izan zuen. Eta horrek orain zoriotsu egiten nau. Bueltatu nintzenean, ni arrazional jarri nintzen, Pete Townshend bezala, eta Pappok Keith Moon-en gauza meneraezin hori mantendu zuen. Erraietakoa".

Elkarrizketa osoa, gazteleraz, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia