Joseba Etxarri. Bere lau aitona-amonak Elgoibar, Deba eta Azpeititik argentinaratu ziren eta gure solaskideak gurasoen etxean oroitzen ditu lehenengo euskal pausoak. Ongi gogoratzen ditu aitona Jose Domingo Zulaica elgoibartarraren kantuak, "bereziki Inazio gure patroi haundia, maiz kantatzen zuen", eta etxean segitzen ziren euskal ohiturak, otordu garaiak eta ospakizunak. Aitona 1911ean iritsia zen herrialdera eta hainbat urte geroago, 1960an, Cañuelasko Euskal Etxea sortu zutenekoa izan zen. Beste hiruak ez zituen ezagutu, baina bi aldeetatik euskal jatorrikoa izanik haiek ekarritako moldeak barnetik bizi izan zituen. Izan ere, Zulaica-Berazatarren zein amaren aldeko Urdampilleta-Bergeratarren istorio eta ibilbidea ez zitzaizkion batere arrotz inguruko gizarteari, landa eremua eta euskaldun 'tanberoak' --nekazari behidunak-- bertako profil eta osagai hazitako lur argentinarra; euskara eta piloten danbada hamaika kantxetako pareten kontra jotzean berezko musika zeuzkan eremua.
Zure belaunaldiak lekukoa jaso eta geroa eman nahi izan dio aurrekoengandik hartutako euskaltasunari.
-Txikitandik neurea izan dut herentzia hori, etxean ezagutu nuen aitonarekin, nik hamahiru urte nituela hil bazen ere. Ez zen sekula itzuli Euskal Herrira, baina hil arte gorde zuen harremana bertan geratutako anaia-arrebekin. Kantatzea gustatzen zitzaion, euskaraz, eta etxean euskal ohitura eta moldeekin hazi ginen. Aitaren aldeko amona ni jaio aldetik hil zen, eta amaren aldeko aitona-amona ere ez nituen ezagutu, baina amaren bidez hainbat istorio ezagutu ahal izan nituen. Nik Zuzenbidea ikasi nuen Buenos Airesen eta irakurketak hurbilarazi ninduen euskal kulturara. Laurak Bat-eko liburutegira joaten nintzen eta euskal historia eta kulturaz irakurtzen nuen, foruak eta euskaldunen legeak... Mikel Ezkerro ezagutu nuen, eta Cesar Arrondo, eta Cañuelara itzuli nintzenean, 1999an Euskal Etxeari laguntzen hasi nintzen, egun lehendakari den Daniel Sancholuzekin eta jende gehiagorekin.
Euskal Etxeak beste hainbat ekimen garatzen ditu, baina Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa, 2007an abiatu zenutena, adierazgarriena bilakatuko da denborarekin, bertako gazteentzat ezezik, Argentinako beste hainbat gazte eta euskal etxeentzat erreferentziazko hitzordu gisa sendotzen joan baita.
-Egiari zor, zertan ari ginen gehiegi ohartu gabe ekin genion. Argi geneukan gazteen eskabideei erantzun eta euskal etxean hobeto egokitu eta laketzeko bidea eman nahi geniela, euren partaidetza sustatuz, segidari begira. Iñaki Aramayok argi ikusi zuen lehenengo edizio haren karietara idatzi zuen artikulu batean. Hasieratik Topaketa gazteen bilgune bihurtu zen, sustatuz hainbat euskal etxetako dantzarien arteko harremanak, elkar ezagutza eta bakoitzak berean garatzen zituen ekimenen partekatzea eta baita ere, jakina, giza harremanak hauek, finean, sortu eta eraikitzen baitute komunitatea.
Datorren igandean edizio berezi bat beteko duzue: hamargarren urteurrena.
-Arrecifesko Maral musika talde euskal-argentinarra gonbitatu dugu eta egitarau berezi bat prestatu, Parte hartuko duen talde bakoitzaren esku-hartzeaz gain, urtero bezala Danborradak Cañuelasko kaleak ibiliko ditu eta bertako Herria ere partaide egingo dugu. Igandean aipamen eta eskertze bereziak banatuko ditugu. Euskal etxeetako 150 gazteren partaidetza daukagu oraingoz baieztatuta eta igandeko bazkarirako 350 dira momentu honetan izena emandakoak. Gurekin izango ditugu, urtero legez, lankide, Cañuelasko Udala, gure bazkideak, eta baita Buenos Aires hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxea ere, hasiera-hasieratik utzi izan dizkigute-eta euren danborrak, eta aurten baita danborrada zuendaria ere... (barre egiten du)
Azpimarratzekoa Euskal Etxeari eta euskal alorrari eskaintzen dizkiozun denbora, indarra eta dedikazioa. Denbora asko kentzen dizu. Zergatik hau guztia?
-Utzidazu lehenik esaten talde lana dela, talde bat gara eta guztion ahalegina da. Baina zuzenean niri galdetzen badidazu, esago nuke ez didala denborarik kentzen, gustura egiten dut eta bete egiten nau, inportantea da niretzat. Niri eman didanarekin eta nik eman nahi dudanarekin dago lotua.Norberaren identitatearekin lotua. Harro esan dezaket nire alaba, Manuela, hamahiru urte dituena eta amaren aldetik dena euskalduna eta aitaren aldetik portugesa, bide honetatik ari dela eta gaue bertan eskatzen zidala lehenago joatea bere bila eskolara, entsaioetara joan nahi baitzuen euskal etxera asteburuari begira. Ilusio hori garrantzitsua da. Norabaitera joan nahi badugu, jakin behar dugu nondik gatozen eta koherenteak eta engaiatuak izan gure identitatearekin. Hala ikusten dut nik Diaspora, Euskal Herriarekin eta bere geroarekin engaiatua, eta ildo horretatik ospatuko dugu datorren igandean Cañuelasen Aberri Eguneko Dantzari Topaketaren hamargarren urteurrena.