euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Venezuelan eta Nikaraguan ospea lortu zuen Cele Otaño karikaturagilearen omenezko erakusketa ikusgai Bergaran

2008/03/06

Cele Otaño (Bilbo, 1912-Donostia, 2003). Martxo osoan egongo da zabalik erakusketa Bergaran
Cele Otaño (Bilbo, 1912-Donostia, 2003). Martxo osoan egongo da zabalik erakusketa Bergaran

PUBLIZITATEA

Cele Otaño (1912-2003) margolari eta marrazkilariari buruzko erakusketa irekiko dute bihar Bergarako Aroztegi aretoan. Hil honen bukaera bitartean izango da ikusgai Latinoamerikako karikatura egile famatuena izan zenaren omenezko bilduma. Otañok urte asko eman zituen erbestean Venezuelan eta Nikaraguan eta euskal Diasporaren hainbat aldizkaritan marrazkilari izan zen. Grabatu, margo eta karikaturatan maixu, kolonaurreko arkeologian ere aditua zen Otaño. Erakusketak Euskal Herrian merezi zuen bezain ezaguna ez den artistaren lana berreskuratu nahi du.
Bihartik aurrera eta martxoaren 30a arte Bergarako Aroztegi aretoan ikusgai izango da Cele Otaño margolari, marrazkilari eta grabatu egilearen bizitza eta lanari buruzko erakusketa. Irekiera ekitaldia bihar arratsaldez egingo dute eta bertan izango dira Otañoren alaba, Sara Otaño, margolaria aita bezala; Jesus Zulet karikatura egilea eta Miguel Angel Elkoroberezibar ikerlaria, erakusketaren sustatzailea.

Erakusketaren izenburua 'Ikusten ikasi-Aprender a ver' da, artistak eguneroko errealitatea begi garbiekin begiratu eta arte lan berriaren forma emateko zuen abileziagatik. Edo agian Otañok marrazten zituen pertsonen ezaugarri fisikoetaz haratago begiratu eta euren izakera marrazteko zuen erraztasunagatik (Otaño 'karikatura psikologiko'aren sortzailetzat dute adituek). Baina izenburuak artistak bere burua lanen atzean izkutatzeko zuen abilezia ere gogora ekarri nahi du. Miguel Angel Elkoroberezibarrek 'artista ikustezina' bezala definitzen du Otaño, maiz samar atentzioa artista gazteengana edo bere lanetara desbideratzen zuelako.

Haurtzarotik afizioa

Celedonio Melitón Otaño Bilbon jaio zen 1912, baina berehala familia Gasteizera bizitzera joan zen. Bertan gazteak margolaritzarekin lehen hartuemanak izan zituen. Etxetik gertu Ignacio Díaz Olano margolaria bizi zen eta Otañok denbora asko pasatzen zuen bere estudioan. 'Bere amak ez zuen begi onez ikusten, han emakumeak bilutsik ibiltzen zirelako. Baina giro hori betirako barneratuta gelditu zitzaion eta bere etorkizuna markatu zuen', azaltzen du Elkoroberezibarrek.

[Cele Otañoren autokarikatura]

Otañok jesuitekin ikasi zuen eta 1931an Errepublikak konpainia Espainiatik kanporatu zuenean, Belgikara joan zen, bertan Filosofia ikasteko. Jesuita gisa Caracasera bidali zuten irakasle, baina bertan bi urte eman ostean konpainia utzi eta Euskal Herrira bueltatu zen. 1935ean Elisabet Mujika Agirre bergararrarekin ezkondu zen.

Falsifikatzaile euskal erresistentziarentzat

36ko gudan gartzeleratu egin zuten, baina Lizarrako kuartelean margo erlijioso erraldoia margotu ostean aske utzi zuten. Otaño Eusko Jaurlaritzak erbestetik antolatutako erresistentzian sartu zen eta Hondarribiara bidali zuten bere abileziaz baliatuz pasaporte eta agiriak falsifikatzeko.

[Otañoren grabatu bat]

Polizia atzetik zuenaren jakitun Otañok alde egin behar izan zuen. Bere osaba Nemesio Otaño musikagileak (Madrileko Kontserbatorioko zuzendaria zen) pasaporte berria eskuratu zion eta Otañok Venezuelara ihes egin zuen. 'Ni euskalduna eta nazionalista naiz, baina mundu osoko nazionalista', zioen berak.

Karikatura egile Venezuelan

Venezuelan ospea lortu zuen karikatura egile bezala eta fisonomista ona zenez 'karikatura psikologikoa' asmatu izana egozten zioten adituek. 50. hamarkadan La Esfera egunkarian lanean hasi zen eta egunero politikari baten karikatura eta profila argitaratzen zituen. Beste aldizkari batzuetan ere egin zuen lan, horien artean Martin Ugaldek zuzentzen zuen Elite aldizkarian. Hamarkada horren bukaera aldera Martín Garabato aldizkaria sortu eta haren zuzendaria izan zen.

[Karikatura politikoak]

Otañok erakusketa ugari egin zituen eta gaur egun bere lanak toki oso desberdin eta esanguratsuetan aurki daitezke: Miraflores Jauregian (Venezuelako gobernuaren egoitzan), Caracaseko Industrialen Ganbaran edota hiriburu horretako Eusko Etxean. 1963an euskal etxean erakusketa antolatu zuen bere karikaturekin, Jokin Intza bergarraren gidaritzapean, Euskal Erresistentziarentzat dirua jasotzeko.

Arkeologian aditu

Grabadore, margolari eta marrazkilaria izateaz gain, Otaño arkeologian aditua ere bazen. Erbesteko bere bigarren herrian, Nikaraguan, hasi zen arkeologian ikertzen, bertako Nikoia indioen kulturan sakondu nahian. 'Euren marrazkiek txunditu egiten zuten eta Granada hirian hondakindegi batetik ateratzen zituzten arkeologi aztarnen zakuak eta zakuak erosten zituen. Ameriketako Grezia deitzen zion hiri honi', azaltzen du Elkoroberezibarrek. Otaño, gaian aditua egin zen eta Julio Caro Barojaren bidez Alemaniako unibertsitateekin lankidetzan hasi zen.

[Nikaraguako margo bat]

Euskal Herrira erbesteratu

1980an Nikaraguan guda sandinista hasi zenean Euskal Herrira, Donostiara, itzuli zen Otaño. Bertan bere benetako erbesteratzea pairatu zuen, J.A. Ascunce historialariaren esanetan: 'benetako erbesteratzearen drama --bere barne erbestea--, babesa eman zion lurra utzi eta aberrira bueltatzean halako lan handia eta oparoa zuen gizona historia eta etorkizunik gabeko ezezaguna zela ikustean hasi zen'. Bihar Bergaran inauguratuko den erakusketak euskal kulturak artistarekin duen zor hori ordaintzeko pauso berri bat baino ez da.


Lotura interesgarriak

Erakusketari buruzko datu gehiago
www.bergara.net

Cele Otañori buruzko artikulu sakonago bat
www.euskonews.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia