Carabobo estatuko Valenciako Euskal Etxeak Begoñako Ama Birjinaren eguna ospatu zuen iragan abuztuaren 15ean. Oporrak izanagatik, bazkide eta lagun asko bildu ziren bertara, tartean inguruko gonbidatuak ere: Caracaseko Eusko Etxetik, Maracaytik eta San Felipetik, esaterako. Eguneko argazki sorta mardula helarazi digu elkarteak.
Eguna meza elizkizunarekin hasi zen, Nelson Borges F. aitarekin, eta ondoren hitz batzuk egin zituen Zuzendaritza Batzordeko idazkari Odon Ulibarrenak. Honek historikoki Bizkaiko Jaurerrian Begoñako Ama Birjiñak zituen alderdi sozialak azpimarratu zituen: Merindadeetako Juntak eliza horretako sakristian hasten ziren eta herritarrei irekiak ziren. Ulibarrenak azaldu zuenez, Gernikakoak, aldiz, jauntxoenak ziren. Hala eta guztiz ere bietan ala bietan hartutako erabakiek indar bera omen zuten.
Hitzaldiaren ostean, pilota partidaren ordua heldu zen. Pilotari bikoteak Juan eta Gabriel Contreras, eta Boris Salcedo eta Moises Santiago izan ziren (Aragua eta Carabobo estatuetako selekzioetakoak). Carabobotarrak izan ziren garaile, 22-18ko markagailuarekin. Aipatu beharra dago lau kirolariak euskal etxean trebatuak izan direla, Odon Ulibarrenaren zuzendaritzapean.
Kirolaren ostean bazkaria egin zen, eta bazkalostean, musa: Venezuelako 2015eko Mus Txapelketa Nazionalaren finala. Alberto eta Josu Ugalde eta Odon Ulibarrena eta David García lehiatu ziren, eta azken biak izan ziren irabazleak. Amaitzeko, elkarteko iturriek azaldu dutenez "bazkideek kantu eta besarkada artean agurtu zituzten Caracaseko lagunak. Giro ederrean egon arren, jaia ilunabarrean amaitu zen, Venezuelan bizi ditugun segurtasun arazoak direla eta".