euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Venezuelako Los Castores kooperatibak 50. urteurrena ospatzen du Pedro Oliva Pilota Txapelketarekin

2009/05/19

2008an Los Castores-eko frontoian egin zen txapelketako partehartzaileak (argazkia Ricardo Parra)
2008an Los Castores-eko frontoian egin zen txapelketako partehartzaileak (argazkia Ricardo Parra)

PUBLIZITATEA

Mende erdia darama Los Castores kooperatibak euskal kultura eta batez ere euskal pelota zabaltzen Venezuelan, 1959an sortu zenez geroztik. Kooperatibak, gainera, 1970an sortu zuen Euskal Pilota Kluba eta horren bitartez Venezuelako pilotari harrobia lantzen berebiziko lana egin du. Mende erdia ospatzeko kooperatibak hainbat ekitaldi egingo ditu urtean zehar; lehena larunbat honetan bertan hasiko da, Pedro Oliva bazkide eta sustatzailearen omenezko Pilota Txapelketa batekin.

San Antonio de Los Altos, Venezuela. 1959an sortu zuten Los Castores kooperatiba Venezuelara joandako euskaldun batzuk, eta aurten elkarteak 50. urteurrena ospatzen du. Hori dela eta urtean zehar hainbat ekitaldi iragarri dituzte, baina hasi, larunbat honetan bertan hasiko dira ospakizunak, Pedro Oliva Pilota Txapelketarekin.

Pedro Oliva koronela kooperatibako Pilota Klubeko sortzaileetariko bat izan zen, eta elkarteko kide Urko Uzkangak Euskalkultura.com-i azaldu dionez 'nahiz eta euskal jatorririk izan ez euskal pilota du kirol gustukoena. Bizitza pilotari eskaini dio eta belaunaldi gazteentzat eredu eta sustatzaile bihurtu da. Urte guzti hauetan zehar pilotan jokatzen jarraitu du, nahiz eta adinean aurrera joan eta bihotzeko zenbait ebakuntza jasan, kirol hau maite dugunontzako pertseberantzia lezio bat emanez'.

Txapelketa larunbat honetan hasiko da, Gomazko Pala kategoriako partidekin eta igandean eta ekainaren 13 eta 14ean ere jokatuko da. Frontenis kategorian hurrengo asteburuan, maiatzaren 30 eta 31an jokatuko dira partidak. Gonbidatu bereziak Hermandad Gallega, Centro Catalán eta Miranda Estatuko Selekzioa izango dira. Partidak 20:00tan hasiko dira. 

Pilota Kluba, 1970az geroztik

Los Castores Euskal Pilota Kluba 1970an sortu zuen San Antonio de Los Altoseko euskal komunitate zabalak. Klubak urte askotan egin du lan pilota Venezuelan zabaltzeko eta herrialde honetan zein nazioartean ospea eskuratu du. Gainera, bertako euskal komunitatean venezuelar selekzioan aritzen diren pilotari asko sortu dira.

Kluba ‘Cooperativa de Servicios Múltiples Los Castores’ izeneko gunean dago. Euskaldunek sortu zuten kooperatiba hau 1959 urtean, Silverio Zabala apaizaren gidaritzapean. Bertan euskal komunitate handia osatu zen eta euskal ohiturak eta kirolak gorde dituzte egundaino. Ezponda, Uzkanga, Anzola, Larrauri, Olza, Lana, Garay, Goikoetxea, Etxevarrieta, Zorozabal edo  Azpiritxaga familiak dira, besteak beste, Venezuelako euskal komunitate honetako kideak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia