euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Venezuelako Euskal Etxeak Euskadiren elkartasun eske "gure herrialdeak bizi duen osasun egoera larriaren aurrean"

2018/06/22

Caraboboko Eusko Etxeko idazkari Odon Ulibarrena bertaratutakoei mintzatzen 5. topaketa honetan (arg. Jazoera)
Caraboboko Eusko Etxeko idazkari Odon Ulibarrena bertaratutakoei mintzatzen 5. topaketa honetan (arg. Jazoera)

PUBLIZITATEA

Venezuelako Euskal Etxeen Federazioa antolatzaile, herrialdeko euskal etxeetako kide eta ordezkariak deituak zeuden ekain honetako lehenengo asteburuan elkarrekin bildu eta gai komunak aztertzeko, eta senidetasun egun bat pasatzeko. Caraboboko Eusko Etxea bilera-leku, bildutakoek Eusko Jaurlaritzari aurkezteko plan bat eztabaidatu zuten, "gure herrialdeak bizi duen eta gure bazkideek pairatzen duten osasun eta asistentzia egoera larriaren aurrean", adierazi diote EuskalKultura.com-i euskal venezuelar federazioko iturriek.

Naguanagua, Venezuela. Historian momentu bat eman zen, Euskal Herria frankismopean zegoela, Euskadi, euskalduntasuna eta euskal nortasunaren sua Diasporako euskaldunek elikatuta gorde eta atxiki zela, bertan bizi ziren euskaldunen gogo, ahalegin eta lan atxikiari esker. Ahalegin horretan, lehenengo lerroan egon ziren Venezuelako Diasporako euskaldunak, euren eskuetan zegoen guztia eginez eta zinez eskuzabal jokatuz euskara eta euskal kulturarekiko, Eusko Jaurlaritzarekiko eta Euskal Herrian geratutako anai-arrebekiko. 

Egungo momentu historikoan, Venezuelako euskaldunak eta euren erakundeak dira Euskadiri eta Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatzen diotenak, alkartasuna, orduan Venezuelako euskaldunek, "Euskal senidetasuna"ren izenean gogoz egin zutena norabide batean, orangoan bestean etor dadin, "gure herrialdeak bizi duen eta gure jendeak pairatzen duten osasun eta asistentzia gabezi egoera larriaren aurrean", "babesik gabe baikaude botikei eta osasun asistentziari dagokionean", adierazi dute.

5. Elkar-Adiskidantza Jardunaldiak

Venezuelako Euskal Etxeen Federazioa antolatzaile, Caraboboko Eusko Etxea 5. Elkar-Adiskidantza Jardunaldien egoitza izan da pasa den ekainaren 2an. Caracasko Eusko Etxeko ordezkari, bertako lehendakari Ibane Azpiritxaga eta idazkari Pedro Arriaga bertaratu ziren: Caraboboko Eusko Etxeko ordezkaritzako buru, berriz, bertako lehendakari Illargi Uzcanga, lehendakariorde Orquidea Amezcua, idazkari Odon Ulibarrena eta batzordekide Guruzne Bilbao eta Iñaki Jayo, esan nahi baita herrialdean dagoen Zuzendaritza Batzorde osoa.


Bilerako momentu bat (arg. Jazoera)


Bildutakoen talde-argazkia (arg. Jazoera)

Federazioak ohar baten bidez jakin duenez, 5. Jardunaldi hauen gai nagusia programa bat proposatzea izan zen, "Lagunarte"resn tankerakoa, asistentzia ematearren bazkideei eta Venezuelan bizi diren euren familiei, 'Seguro auto administrado' delako motaren arabera. Bertaratutakoek arretaz segitu zituzten Caraboboko Eusko Etxeko kide den eta aseguruen munduan eskarmentu handikoa den Andres Ibarrak aurkeztutako aurreproiektuko xehetasunak. Hainbat jendek esku hartu eta guztien iritzi eta ekarpenak entzun ondoren, 2018ko ekainaren 20a adostu zen epemuga gisa partaideen errolda osatzeko.

Euskadiren alkartasun eske

Aipatu errolda osatzen bukatzen denean, behin-betiko proiektua osatzen bukatuko da, eta hau Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dio Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari hain zuzen, programa finantziatzen lagun dezan. "Venezuelaren egoera ekonomikoak, inflazio areagotuko prozesuetan murgildua, eragiten du familien sarrerekin bakarrik ia ezinezkoa izatea medidu-asistentzia gastuei aurre egitea eta ospitale publikoak kolapsatuta daude eta kasu askotan ez dauzkate baldintza minimoak atentzio egokia eman ahal izateko. Bestalde, aseguru-etxeek eskaintzen dituzten polizak oso garestiak dira eta euren estaldura oso murritza. Egoera honek bertan bizi garenok ahuldadean uzten gaitu osasun asistentzia egokia lortzeari dagokionez".

Eusko Jaurlaritza lagun, Federazioak pentsatzen du "bazkideek kuota indibidualen %10 eta %20aren artean ordainduko beharko luketela bakarrik, kuotak adinaren arabera aldatzen baitira. Honela posible izango litzateke oinarrizko mediku asistentzia bermatzea programa honetara biltzen diren euskaldunei". Gaineratu nahi dute, baina, "eskatzen den laguntza hau momentu honi dagokiola soilik eta herrialdeak bizi duen krisialdia baretzen denean seguruenik ez dela gehiago behar izango aipatzen ari garen programa honekin segitzea".

Senidetasun bazkaria

Topaketaren alderdi serioena bukatuta, bildutakoek senidetasun bazkari bati ekin zioten. "Plater nagusia kaja txinatarrean erretako zerrikume bat izan zen, eta erretzeko era hau erabiltzeko lanak ostiral arratsaldean hastera behartu zuen". "Zuzena da azpimarratzea sukaldari nagusiak berak, Jose Manuel Jayok, doaintza gisa eman zuela zerria, baita gutizia hau kozinatzeko beharrezkoa den prozedura luzean erabili zen ikatza ere. Lan horretan lagun izan zituen Iñaki Jayo eta Odon Ulibarrena, baita atezain bikotea ere, Maribel Oliveros anderea eta Ramon Galan jauna, eta euren alaba Marbelis Galan".

"Bazkalostea, hainbeste maite dugun tarte hori, laburra egin zen halabeharrez, Caracasetik etorritakoek etxeratu beharra baitzeukaten. Emozioz despeditu genituen, eskerrak emanez etorri izanagatik. Gainerakoak gaua heldu baino pixkat lehenago arte egon ginen, 'keda toke' hau gaizkileek ezarria baitute gure herrialdean, eurak baitira Venezuelako gaueko orduen zinezko jaun eta jabe", bukatzen du Caraboboko Eusko Etxetik jasotako oharrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia