euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Venezuela eta euskaldunei buruzko bere liburuaren argitalpen berri bat ari da prestatzen Xabier Amezaga

2019/08/09

'Venezuela y los vascos dos viejos conocidos, 500 años' liburuaren azala
'Venezuela y los vascos dos viejos conocidos, 500 años' liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Caracas, Venezuela. Uda sasoian daude, ez guztiak baina bai gure irakurleetako asko, eta sasoi honek irakurtzera gonbidatu ohi duenez, hona egile bat eta izenburu bat proposamen gisa Diasporari buruz irakurtzeko. Xabier Iñaki Amezaga, Bingen Amezaga edo Amezaga'tar Bingen algortarraren seme gazteena da. Amezaga aita 1942an Buenos Airesera erbesteratu eta Montevideon bizi ondoren denborarekin, 1953an, Venezuelan finkatuko zen, eta haren omenean plazaratu du semeak 'Venezuela y los vascos dos viejos conocidos, 500 años' liburua. Izan ere, Caracasen bizi izan zen izen handiko euskaltzale eta abertzale algortarra 1969an zendu zen arte. Karia horretara, diasporaren omenean eta batez ere euskal jatorrizko jendeak Venezuelan egindakoa ezagutarazteko plazaratu du liburua Xabier Amezagak. Lehenengo edizioa ekainean argitaratu ondoren, edizio berri eta luzeago bat ari da prestatzen, urtea amaitu baino lehen kaleratzeko. Sarean ere irakur daiteke, doan, edo jaitsi, link honetatik.

Ez da liburu hau, ordea, Amezagak euskal diasporaz argitartutako bakarra. Berak sortutako irabazi-asmorik gabeko Xamezaga Argitaletxeak 900 inguru liburuko katalogoa biltzen du, egileak berak azaltzen digunez. Ekarpen horretan, bere aitaren obra osoa bildu eta eman du argitara, tartean sei hizkuntza ezberdinetatik euskaratutako 74 testu, hiru herrialdetan emandako 91 hitzaldi, hiru herrialdetako egunkarietan argitaratutako 270 artikulu, eta 63 olerki euskaraz eta 43 gaztelaniaz.

Bingen edo Vicente Amezaga Arestiren lanari dagokionez, gainera, Euskal Herriko eta Amerikako hainbat erakunderi egin dizkio doaitzak Xabier Amezagak. Liburuak eta materiala, 2017 urtetik hona, Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegian, Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, eta Venezuelako Nazioko Artxibo Orokorrean, John Boulton Fundazioan eta Liburutegi Nazionalean utzi du Xabier Amezagak.

Euskal diasporaren errealitate eta ekarpena ezagutarazteko eta batez ere bere aitaren ondarea ahalik eta gehien zabaltze aldera, Xamezaga Argitaletxeaz gain honako webgune hauek ere sortu ditu Xabier Amezagak: Vicente Amezaga Aresti webgunea eta Repositorio Vicente Amezaga Aresti.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia