euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vascosmexico taldearen 10. urteurreneko jaiak giro apartaz bete zuen Mexiko DFko Alaia jatetxea

2013/10/22

Ezkerretik eskubira: Jaione Arrieta, Vascosmexicoren sortzailean; Ibon Mendibelzua, Euskadiren ordezkari Mexikon; Begoña Jauregui eta Eduardo Ormaechea, hamargarren urteurreneko festan (argazkia Vascosmexico)
Ezkerretik eskubira: Jaione Arrieta, Vascosmexicoren sortzailean; Ibon Mendibelzua, Euskadiren ordezkari Mexikon; Begoña Jauregui eta Eduardo Ormaechea, hamargarren urteurreneko festan (argazkia Vascosmexico)

PUBLIZITATEA

Vascosmexico taldea eta webgunea Mexikoko ehundaka euskaldunentzat eta euskaldunen ondorengoentzat ezinbesteko topagune birtuala bilakatu da azken hamar urteotan eta, halako balentria behar den bezala ospatzeko, urteurreneko festa handia egin zuten iragan larunbatean. Giroa aparta izan zen eta, aspaldiko lagun asko elkartzeko aitzakia izateaz gain, interneten ezagututako beste batzuk lehendabizikoz aurrez aurre ikusteko abagunea ere izan zen.

Mexiko DF, Mexiko. Vascosmexico taldearen hamargarren urteurreneko jaiaren emaitzarekin oso pozik agertu dira bai antolatzaileak eta baita bertara bildu ziren lagun andana ere. Mexiko DFko Alaia jatetxea izan zen festaren gunea, eta han, Alberto Ituarte sukaldariak prestaturiko afari goxoaren inguruan, hamar urte hauengatik topa egin zuten elkarteko kideek.

Vascosmexico posta zerrenda izan zen hasieran, eta handik sortu ziren ondoren webgunea eta elkartea. Hamar urteotan Mexikoko euskal komunitatearen topagune birtuala bilakatu da eta euskal mexikarrek elkarren berri izateko erabiltzen duten tresna nagusienetakoa da. Bidean, makina bat eragozpen gainditu ditu taldeak, Jaione Arrieta Galarraga sortzailearen ahaleginari esker eta taldeko kideek elkartasunak lagunduta. Larunbateko afaria eginahal horien guztien arrakasta ospatzeko unea izan zen, eta, aldi berean, aurreneko pausoa ere, beste hainbeste urte betetzeko bidean.

Jaia arratsaldeko seiak aldera hasi zen eta kideak garaiz iritsi ziren, nahiz eta une horretan bertan euri zaparrada itzela bota zuen Mexiko Hirian. Aretoa jendez lepo, lagunak agurtzeko unea dezente luzatu zen. "Han izan ziren hamar urteotan gurekin izan diren lagunak, batzuk hasiera-hasieratik, eta beste batzuk beranduago; baina denak ala denak maiteak. Batzuk festan elkar ezagutu genuen aurrenekoz eta oso hunkigarria izan zen. Zinez, bibrazio onak nagusi ziren!", adierazi du Jaione Arrietak. 

Vascosmexico 10. Urteurrena 1

[Festako giroa oso ona izan zen eta bertaratu zirenek gaualdi ederraz gozatu zuten (argazkia Vascosmexico)]

Lagunak agurtu ostean, bederatziak aldera hasi zen afaria, Alberto Ituarte sukaldariak prestatutako menu gozoarekin. Bazkalostean giroa bikaina izan zen, Xabier Errasti lagunak soinua hartu eta euskal kanta herrikoiak jotzen hasi baitzen. Laguntzaile aparta izan zuen Errastik, izan ere Miren Aguirrek mikroa hartu eta mahairik mahai ibili zen, bertara bildu zirenei abesteko eskatuz. "Kantari bikainak izan genituen, besteak beste Ormaecheatarrak edo Julen Ruiz de Azua; eta besteak ez hain onak; hori bai, gogo biziz abestu zuten denek", esan du Jaione Arrietak. Abestien ostean dantza egiteko ordua heldu zen eta afariko kide gehienak dantzalekura atera ziren, lotsarik gabe eta giroaz gozatzen jarraitzeko gogoz.

Vascosmexico 10. Urteurrena 2

[Xabier Errastik giro ederra jarri zuen bazkalostean eskusoinuarekin (argazkia Vascomexico)]

Vascosmexico 10. Urteurrena 3

[Miren Aguirrek taldeko kideak kantuan jarri zituen (argazkia Vascosmexico)]

Argazki gehiago Vascosmexico taldearen webguneko Argazki Galerian.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia