euskal diaspora eta kultura
2013/09/25
PUBLIZITATEA
Mexiko DF, Mexiko. Mexikoko euskaldunen topagune birtuala da Vascosmexico taldea eta 1.500 lagundik gora biltzen ditu webgune eta posta zerrenda oso aktibo bati esker. Jaione Arrieta Galarraga izan zen taldearen sustatzailea eta hamar urte hauetan jo eta su jardun du taldearen jarduna dinamizatzen eta berrikuntzak egiten. Orain, ibilbide emankor horren hamargarren urteurrena ospatzeko elkarteko bazkide eta lagunak bildu egingo dira urriaren 19ko festa handian. Aurreko edizioetan giroa bikaina --eta parranda latza!-- izan da, eta aurtengoan ere horrelakoxea izatea espero dute antolatzaileek.
Aste honetan taldeak aditzera eman duenez, jaia Mexiko DFko Alaia jatetxean egingo da. Alberto Ituarte sukaldariak zuzenduriko taldeak afari-merienda prestatuko du bertara biltzen direnentzat, jatetxearen marka diren euskal-mexikar jakiekin. Datozen egunetan menua zein den argituko du taldeak. "Gure asmoa zera da: ondo pasatzen, elkartzea, ospatzea, dantzatzea, abestea... Eta beste zenbait ezustekoen artean, gure taldeko Xabier Errastik mundu mailako debuta egingo du, akordeoia jotzen!", iragarri du Arrietak.
Jatetxean 200 lagunentzako lekua baino ez da izango jai honetan, eta bertan parte hartu nahi dutenek lehenbailehen egin beharko dute erreserba. Izena emateko bidali e-maila jaione@vascosmexico.com helbidera. Erreserba ordaintzako azken eguna urriaren 14a izango da.
Informazio gehiago eta aurreko jaietako argazki galeriak, Vascomexico taldearen webgunean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus