euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vascosmexico-k Mexikon eginiko lauburu bat jarri du salgai, taldeari eta indigena mixtekoei laguntzeko

2008/12/24

Lauburuaren atzeko eta aurreko aldea (argazkia Vascosmexico)
Lauburuaren atzeko eta aurreko aldea (argazkia Vascosmexico)

PUBLIZITATEA

Vascosmexico elkartea Mexikoko euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak batzen dituen elkarte bat da. Aurten taldeak Eguberrietarako proposamen oso berezia aurkeztu du: eurek diseinaturiko lauburu bat, mexikar bitxigile batek eta Oaxaca estatuko mixteko leinuko artisauek eginikoa. Lauburua Mexikoko zilarrez eta mixteken ehun tradizionalez eginda dago. Lehenengo aleak ziztu bizian saldu ziren eta orain, taldeko kideek eskatuta, gehiago egiten ari dira erosleen eskaria asetzeko asmoz. Lauburu hauetako bat erosi nahi duenak, Mexikon zein Euskal Herrian edo beste inon, e-mailez luza diezaioke eskabidea Vascosmexicori.

Queretaro, Mexiko. Vascosmexico A.C. elkarteak Eguberriko ezusteko atsegina ekarri du, artisau mixtekek eginiko lauburu original bat plazaratu baitu. Bitxiak 460 pesotan (25 eurotan) saltzen dira eta salmentarekin eskuratzen diren irabaziak komunitate mixtekoarentzat eta Vascosmexico elkartearen onuran izango dira. Vascosmexiko Mexikoko euskal komunitateko hainbat kide biltzen dituen taldea da eta komunikazioa sustatu eta euskal informazioa eta berriak zabaltzen ditu Mexikon, euskalmexikarren artean sare trinko eta eraginkorra osatu duelarik.

Jaione Arrietak, Vascosmexicoko sortzaile eta koordinatzaileak, lauburu berezi honen ideia nola sortu zen azaltzen du. 'Zilarrarekin eta ehun mixtekekin, hau da, leinu honetako kideek egiten dituzten ehunezko emaitzekin bitxiak egiten dituen bitxigile bat ezagutu nuen. Eurek egiten duten zilarreria aparta da. Kontua da ehun mixtekekin eginiko lauburu baten lagina eman eta gauza berri bat enkargatu niola, diseinu original eta %100 euskalmexikar bat'. Lankidetza honetatik sortu den lauburuak 2.5 cm bider 2.5 cm-tako tamaina du, .925 zilarrarez egina dago eta atzealdean duen ehuna indiar mixtekek egina da.

Lauburu original, berritzaile eta nortasunduna

lauburuMx2

Mixtekoak Mexikoko Oaxaca estatuan bizi dira nagusiki eta euren zilarreria eta artisautza, batez ere ehunak, oso ezagunak eta apreziatuak dira. Lauburuak antigoaletik mixtekek euren ehunetan erabiltzen dituzten kolorezko hariekin eginda daude. [Irudian, eskulangile mixteko bat ehuna lantzen (argazkia Vascosmexico)]

Diseinu berriak harrera ezinhobea izan du Mexikoko euskaldunen artean: lehendabiziko lauburuak aurkeztu eta ordu gutxitara agortu ziren  --'hegan egin zuten', zehazten du Jaione Arrietak--. Elkartea sorta berri bat prestatzen ari da eta dagoeneko lagun askok eskatu dute beraiena. Vascomexico taldearen posta zerrendaren bitartez, berria, elkarteak Euskal Herrian dituen lagunengana ere heldu da eta askok eskatu dituzte jada euren 'made in Mexico' lauburuak. Bitxi bakoitzaren prezioa 460 peso (25 euro) da eta horri bidalketaren gastuak gehitu behar zaizkio. Ordaintzeko PayPal sistema arin eta segurua erabil daiteke.

Lauburu euskal-mexikarrara erosi nahi dutenek eskaria vascosmexicoac@prodigy.net.mx e-mailera idatziz egin dezakete.

Vascosmexico elkarteari buruzko informazio gehiago bere webgunean: ww.vascosmexico.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia