Buenos Aires, Argentina. Vera Lisa Bergalli Erviti jantzien eta ehungintza arloko diseinatzailea da, Buenos Airesko Unibertsitatean graduatua. Amaren aldetik, euskal sustraiak ditu eta aitona, Jesus Jose Erviti, Nafarroatik, Obanos herritik etorri zen Argentinara. Aurrekari horiekin, azaldu dio EuskalKultura.eus-i, ez zuen zalantza handirik izan bere ekimena deitzerakoan, “Gure aitonak bere herriaren kultura transmititu zigun eta horretan inspiraturik hautatu nuen ‘Vasca’ izena. Txikitan, gainera, dantzariz janzten ninduen eta ‘neskatxa’ deitzen zidan”.
‘Vasca’ markako diseinuek euskal tipologia historikoari baino gehiago modari jarraitzen badiote ere, logotipoak bai duela lotura Euskal Herriarekin: “Aitonak lepokoak egiten zizkidan ezkurrekin eta gure herriaren kulturan haritzak duen garrantzia azaltzen zidan. Bera 1923an iritsi zen Argentinara baina hemen beti ibili izan zen euskal giroan. Gogoratzen dut, adibidez, pilota partidak ikustera joaten nintzela berarekin, Laurak Bat-era”.
['Vasca' markako logotipoa]
Gaur egun, eskuz egindako mota, tamaina, kolore eta estilo anitzeko emakumeentzako larruzko zorroak egiten ditu Buenos Airestik diseinatzaile argentinarrak eta @vasca.carteras Instagram kontuaren bidez saltzen ditu, handizka zein txikizka eta Facebooken ere badago. Argentinako gainerako hiri eta probintzietara ere bidaltzen ditu.
“Gure sustraiekiko harremana oso indartsua izan da beti eta nire ekimenaren bitartez nolabaiteko omenaldia egin nahi izan nien arbasoei. Nire markako jarraitzaileek badakite nire ezizena ‘La Vasca’ dela, ezaguten dute familiaren historia eta asko gustatzen zaie horri buruz entzutea”, adierazi digu, harro, diseinatzaileak.