euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vanessa Manjarrez: "Saint Denis-eko terroristak estadioan gure atetik sartzeko sarrera zuen"

2015/11/20

Vanessa Manjarrez euskal kaliforniarra, nafar jatorriduna, Parisen ari da ikasketak egiten
Vanessa Manjarrez euskal kaliforniarra, nafar jatorriduna, Parisen ari da ikasketak egiten

PUBLIZITATEA

Pariseko erasoen osteko emergentzia egoera dela eta, Eskual Etxeak bertan behera utzi ditu hainbat jarduera. Elkarteak gertutik sufritu ditu atentatuak, izan ere, nesken errugbi taldeko entrenatzaileak tiro bat jaso zuen bizkarrean Bataclan aretoan. Zorionez, ospitalean sendatzen ari da. Atentatuen izua zuzen zuzenean bizi izan zuen ere Vanessa Manjarrez ikasle euskal-kaliforniarrak, Saint Denis estadioan baitzegoen kanpokaldean bonba batek eztanda egin zuenean.

Paris, Frantzia. Egoera nahasia da egunotan Parisen, azaroaren 13ko erasoen ostean, eta EuskalKultura.com-ek bertako euskal komunitatearekin hitz egin du gertakariak nola bizi izan dituzten galdetzeko. Vanessa Manjarrez gazte euskal-kaliforniarra Parisen ikasketak egiten ari da eta egun horretan Saint Denis estadioan zegoen, Frantzia eta Alemaniaren arteko lagunarteko futbol partidoa ikusten, kanpokaldean bonbek eztanda egin zutenean.

"Berandu heldu ginen eta eseri eta hamar minutura edo bi eztanda handi entzun genituen. Estadioan denok entzun genituen, baina su artifizialak edo izango zirela pentsatu genuen", azaldu du Vanessak. "Lasai lasai ginen, gure ikasketa programako zuzendariaren mezu bat jaso genuen arte, tiroketa bat egon zela esanez eta lehenbailehen etxera joateko eskatuz. Inork ez zekien ondo zer egin".

Panikoa estadioan

Estadiotik ateratzeko ordua heldu zenean une dramatikoak izan zirela dio Vanessak. "Ahalik eta lasaien ateratzen saiatu ginen baina norbait beldurtu egin zen eta denak korrika hasi ginen, ihesi. Guk ere korrika egin genuen, elkarrekin mantentzen saiatuz. Pertsona paranoiko bat baino ez zen izan, baina zinez beldurgarria izan zen. Estadio barrura bueltatu ginen eta dena pixkat hustu arte itxaron genuen ateratzeko".

Egunotan, kaleetako egoera eta berriak ikusita, orduan jabetu dira Manjarrez eta bere lagunak bizi izan zutenaren larritasunaz. "Egun hauek are beldurgarriagoak izan dira, gertatu zena ulertzen hasi garelako. Estadioko suizidak partidora sartzeko tiketa zuen, baina zorionez gelditu egin zuten. Gure atetik sartu behar zuela jakin dugu", agertu du euskal amerikarrak.

Vanessa Parisen ikasten ari da eta maiatza arte gelditzekoa da. "Gure programako arduradunek etxean gelditzeko eskatu digute, metrorik ez hartzeko, jende asko dagoen lekuetara ez joateko... Paristarrak bere eguneroko bizitzarekin jarraitzeko ahalegina egiten ari dira, baina momentuz, ni etxean edo eskolan bakarrik sentitzen naiz seguru. Guk zorte handia izan genuen eta pena handia dut hainbeste zorte izan ez zutenengatik", amaitu du.
 
Bataclanen zauritua

Erasoek gertutik ikutu dute ere Pariseko Euskal Etxea, bertako kide bat zauritua izan baitzen Bataclan aretoan. Terroristak sartu zirenean, elkarteko nesken errugbi taldeko entrenatzailea bertan zen kontzertua entzuten eta bala bat jaso zuen bizkarrean. Zorionez, ospitalean da eta sendatzen ari da, elkarteko presidente Sebastien Daguerrek EuskalKultura.com-i adierazi dionez.

Elkarteak bere eguneroko martxa aldatu egin behar izan du egunotan eta, emergentzia egoera dela eta, hainbat jarduera bertan behera utzi behar izan ditu, elkarteko komunikazioa arduradun Maitane Larrondek azaldu duenez. Alta, datozen egunetako hainbat jarduera mantendu egin dira. "Orain Pariseko jendeek bizitza berriz hartu dute. Metroan giroa pixkat bitxia da, arrabots bat delarik, pertsonak begiratzen dira eta. Bainan jadanik, fenomeno hori gero eta guttiago sentitzen da", agertu du Maitanek.

Maitane Euskal Etxean zen erasoak hasi zirenean, dantza entseguan. Lankide baten mezua jaso eta interneten begira hasi zen.  "Enteratu nintzen Pariseko Petit Cambodge jatetxeko hilketaz 10. arrondizamentuan. Gero Charonne karrikan, eta Le Bataclan gelan. Hamaiketan erabaki dugu entsegua bukatzea eta denak autoz joatea, ez dugu inor utzi metroa hartzea. Internet begiratzen genuen eta 10 hildako, 20 hildako, joan girelarik 30 hildako ziren".

Elkartasuna Euskal Herritik eta Diasporatik

Kalean egoera kaotikoa omen zen, Maitaneren esanetan: "Autoz giroa oso espeziala zen, ambulantzi ainitz, polizi ainitz, sirenen arrabotsarekin. Gero ene auzoan, Porte de Saint Cloud delakoan, sirenen arrabotsa gehiago. Oso beldur nintzen, ez genekien ea terroristak hil zirela edo korrikan ari ziren Pariseko beste arrondizamentuetara".

Gaua beldurgarria izan zela azaldu Maitanek eta biziki eskertu ditu azken egunetan jaso dituen elkartasun eta animo mezu ugariak, bai Euskal Herritik eta  Diasporatik, bereziki Argentinatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia