euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vanesa Arozamena euskal ikerlea Valparaison izan da bertako euskaldunei buruzko lana egiteko

2014/07/10

Valezka Rojas, Archibaldo Uriarte (presidentea) eta Vanesa Arozamena (argazkia ValparaisoEE)
Valezka Rojas, Archibaldo Uriarte (presidentea) eta Vanesa Arozamena (argazkia ValparaisoEE)

PUBLIZITATEA

Vanesa Arozamena euskal filologoa Valparaison izan da, bertako euskal komunitatearen historiari buruz ikertzen. Valparaisoko Euskal Etxea bisitatu zuen ikerlariak eta bertan Rubila Araya Ariztia kazetariarekin elkarrizketatu zen. Araya “Arrojos, dichas y nostalgias: Vascos en el Valparaíso del siglo XX” liburuaren egilea da, eta lan hori ikerketako inspirazio iturri izan du Arozamenak. Ikerlariak, gainera, elkarteko presidente Archibaldo Uriarte eta bertako zenbait bazkide gazte ere elkarrizketatu zituen bere lanerako. Ikerketaren helburua Txileko euskaldunen ondorengoek "euren oroimena eta tradizioak nola mantentzen dituzten" eta "Eusko Etxeak horretan duen eragina aztertzea" da, Arozamenaren esanetan.

Valparaiso, Txile. Vanesa Arozamena Ingeles Filologia lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatean), baina euskal kultur arlora zuzendu zuen jarraian bere bidea eta literatura idatzi eta oralari buruzko tesia egin zuen Minnesotako Unibertsitatean (“The Interaction between Orality and Literacy in the Basque Country” izenburua du tesiak). Orain, euskal munduen ikerketan darrai; zehazki, Txileko euskal komunitatean sakontzen.

Valparaison unibertsitateko kide ohiak omen ditu ikerlariak, eta gainera, bere senarrarekin batera urtean behin lan-bidaia egiten du bertara. Hortik sortu zitzaion interesa, eta gero gaian sakontzeko aukera izan zuen Rubila Araya Ariztia kazetariaren “Arrojos, dichas y nostalgias: Vascos en el Valparaíso del siglo XX” liburuari esker. Liburu horren bidez ezagutu zuen Arozamenak Valparaisoko Eusko Etxea eta azken bisitan bertan izan da.

Egonaldi honetan Rubila Arayarekin bildu zen Arozamena eta ikerketari buruzko ikuspuntuak eta ideia trukatu zituzten. Ikerlariak Txilen jaio diren euskaldunen ondorengoen belaunaldi berriak hartuko ditu laneko ardatz gisa: “ikusi egin nahi dut nola mantentzen dituzten euskera, oroimena, tradizioak eta euskal kultura, eta baita Eusko Etxeak lan horretan duen garrantzia ere".

Hori dela eta, egonaldian Eusko Etxeko presidentea, Archibaldo Uriarte, elkarrizketatu zuen Arozamenak. Uriartek bere esku jarri zituen elkarteko artxiboak. Ere berean, euskal etxeko zenbait gazteei ere elkarrizketa egin zien, esaterako Francisco Javier Pinedo eta Valezka Rojasi.

Hiri txiletarrean hainbat egun eman eta gero, Vanesa Arozamena AEBetara bueltatu da, baina Eusko Etxearekin ikerketa eta elkarlana jarraitzeko eta sakontzeko asmoarekin. Archibaldo Uriartek abegi onez hartu zuen lankidetza proposamena; bere esanetan "Diasporako toki desberdinetako pertsona eta erakundeen artean sortzen diren harreman hauek beti dira ongi etorriak eta ekarpen handia dira gure helburu amankomunerako, oroimena berreskuratzeko eta kulturari jarraibidea emateko".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia