euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vancouverko kafetegi bat 24 orduz euskal pintxo-taberna bihurtuko dute, Txotx Basque Imports-en produktuak medio

2015/06/29

Barra aurreko gunea erabat argia delako aukeratu du Propaganda Coffee kafetegia Jefferson Álvarez sukaldariak (Argazkia: P.C.)
Barra aurreko gunea erabat argia delako aukeratu du Propaganda Coffee kafetegia Jefferson Álvarez sukaldariak (Argazkia: P.C.)

PUBLIZITATEA

Uztailaren 10ean, Vancouver-eko (Kanada) Propaganda Coffee-k itxura aldatu eta Euskal Herriko edozein taberna emango du barra pintxoz, txakolinaz eta sagardoz beteta. Jefferson Alvarez sukaldariaren eta Txotx Basque Imports enpresa kanadarraren arteko elkarlana izango da hirira “euskal zaporeak ekartzea”. “Sukaldari legez, zapore berrietara ohitu behar dut jendea”, esan dio Álvarez-ek EuskalKultura.com-i. “Ilusio handiz gaude”, gehitu du Txotx Basque Imports-eko zuzendari Kelly Chomat-ek.

Vancouver, Kanada. Barra mokadu txikiz betea −tortila, muskuiluak txorizoarekin, sardinak, serrano urdaiazpikoa, Pikillo piperrak, bakailaoa…− eta, ukalondoa bertan jarrita, lagunekin berbatan gazte bat, esku batean txakolina edo sagardoa duela eta bestea pintxo bat. Euskal Herriko edozein tabernako irudia izan liteke baina, uztailaren 10ean, Vancouver-eko Propaganda Coffee-n ere bizi ahal izango den esperientzia izango da. Arratsaldeko zortzietan hasi eta “berandura arte”, antolatzaileen hitzetan.

Jefferson Álvarez sukaldariaren eta Txotx Basque Imports enpresa kanadarraren elkarlana izango da “euskal zaporeak hirira ekartzea”. Caracasen, Venezuelan, jaio zen Alvarez eta hazi Isla Margaritan, herrialdeko ipar-ekialdean. Edozelan ere, Euskal Herriak txokotxu berezia dauka bere bihotzean, hara joan baitzen sukaldaritza ikasketak luzatzera, Arzak eta Adurizekin, eta ordudanik “neure bigarren etxea da (Euskal Herria)”. Horregatik ere, Txotx enpresa ezagutu zuenean beraiekin batera zerbait egin nahi zuela erabaki zuen: “Sukaldari legez, zapore berrietara ohitu behar dut jendea. Hemen (Kanadan) jendeak ez du serio hartzen latetan datorren jakia baina latazko euskal produktuak oso kalitate handikoak dira”, adierazi du.

Kelly Chomat-ek, Shawn Pisio-k eta Michael Broadbent-ek sortu zuten Txotx Basque Imports, lehenengo biak Michael Donostian bisitatzera joan ostean, Kanadan Euskal Herrikoa bezalako sagardoa topatu ezin izan zutenean. Orain jatekoak –Pikilloko eta Ezpeletako piperrak, Kantauri itsasoko sardinak eta hegalaburra…− eta edatekoak −txakolina eta sagardoa− saltzen dituzte, den-dena Euskal Herritik bidalita. “Bidaia agentzia batean nuen lana utzi eta honetan hasi nintzen”, azaldu du Chomat-ek.

50 txartel bakarrik

Propaganda Coffee-ko ekintzarekin ilusio handiz dago Chomat “jende gehiagok ezagutu ahal izango gaituelako”. 50 txartel baino ez dituzte salmentan jarri eta erdia, ia, saldu dute dagoeneko. “Denak salduko dira”, esan du zalantza izpirik gabe bere aldetik Álvarez-ek. Prezioa ez da batere txarra: 75 dolarrengatik nahibeste pintxo eta bina sagardo eta txakolin baso edan daitezkeelako.

Sukaldariak ez du euskal-kanadar komunitatea ezagutzen, baina bertan ikusi nahiko lituzke: “Euskal kulturari diodan maitasun eta errespetu guztiarekin egingo ditut pintxoak eta nahiko nuke Donostiako pintxo taberna batean baleude bezala sentitzea”.

Apurka-apurka, bidea egiten doaz euskal produktuak Kanadan ere. Horren adibide da Txotx Basque Imports-en salgaiak dagoeneko Vancoucer eta Ontarioko 30 saltoki baino gehiagotan eros daitezkeela.

Propaganda Coffee: 209 E. Pender Street, Vancouver
Txartelak hemen

Material osagarria:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia