euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vancouver-ko Zazpiak Bat-eko bozkak: Elena Sommer berrautatu dute lehendakari eta Mirari Duñabeitia estreinekoz Zuzendaritza Batzordean

2015/03/24

Artxibozko argazki honetan Zazpiak Bat Euskal Etxe kanadiarrak antolatutako piknik batean ikus daitezke bazkideak, eguraldi honaz gozatzen (Argazkia: BCBC)
Artxibozko argazki honetan Zazpiak Bat Euskal Etxe kanadiarrak antolatutako piknik batean ikus daitezke bazkideak, eguraldi honaz gozatzen (Argazkia: BCBC)

PUBLIZITATEA

British Columbiako (Kanada) Zazpiak Bat Euskal Etxeak jendea behar du urrats berriak emanez elkartean ardura berriak hartzeko. Martxoaren 7an eginiko Biltzar Nagusian, Mirari Duñabeitiak hala egin zuen eta idazkari eta diruzain lanak partekatuko ditu Jeanne Desotels-ekin. Bileran, 2015erako egitaraua aurkeztu zen eta Elena Sommer berrautatu zuten lehendakari. "Datorren urte hau bete eta lehendakaritza uzteko asmoa daukat", adierazi dio EuskalKultura.com. 30 kide bildu zituen bilerak.

British Columbia, Kanada. Euskal etxeetako Zuzendaritza Batzordeetan boluntario aritzea lan handia da. Horregatixe esan du Elena Sommer-ek beste urte batez baietz, baina Zazpiak Bateko presidente lez gehiago jarraituko duenik ez duela uste. Burnaby-ra, bertako Mayview Circle-ko bilerara 30 bazkide bildu ziren. Elena Sommerren ildotik, orain arte lehendakariorde izandako Amaia Ormaetxek, denbora falta dela medio, postua utziko zuela esan zuen, Zuzendaritza Batzordeko kide segituz hala ere.

Gauzak horrela, hauxe da Zazpiak Bateko Zuzendaritza Batzordeko kideen zerrenda eta euren betekizunak: Elena Sommer, lehendakaria; Johnny Ugalde, lehendakariordea (orain arte diruzaina); eta Jeanne Desotels eta Mirari Duñabeitia, idazkari eta diruzainak. Beraiekin batera, beste sei kide arituko dira kudeaketa lanetan: Pia Azpiri, Amaia Ormaetxea (orain arteko lehendakariordea), Mike Echart, Frank Echart, Domingo Hernández eta Marina Hernández. “Euskal Etxe txikia da geure eta, horregatik, denek laguntzen dute pixka bat eta oso eskertzekoa da hori”, esan digu Elena Sommer-ek.

Aldaketak

Bilera osteko aldaketa nagusia Mus Txapelketari dagokio. Urtetan Merritt-en antolatu izan duten karta-joko bilera Vancouver-en egingo dute hemendik aurrera. Kontua da, iaz arte alokatzen zuten arrantxoa ez dela berriz ere alogeran jarriko. Horregatik, urteroko piknikarekin batera egingo dute Mus Txapelketa, aurrerantzean: Abuztuaren 8an, New Westminster-eko Hume Park-en.

Bazkide berriak ere aurkeztu zituzten bazkarian: AEB eta Kanada arteko mugatik hurbil bizi den eta jatorri nafarra duen Victor Perez estatubatuarra, Euskal Etxeko euskara irakasle berria den Zuriñe Fermin eta David izeneko beste kide berri bat. Euskara eskolei helduta, “giro ona” dagoela adierazi du Sommer-ek eta maila altuagoa dutenen laguntza asko eskertu du, bera ere baitabil elea ikasten.

Zazpiak Bat Euskal Etxeko 2015erako programa

-Martxoaren 7an; Urteko Bilera Nagusia
-Apirilaren 18an:Aberri Eguna 
-Maiatzaren1ean: Karta Joko gaua eta Pintxo Potea
-Uztailaren 4an: San Ferminak
-Abuztuaren 8an: Andra Mari afaria eta Mus Txapelketa
-Abenduaren 5ean: Olentzero eta Euskararen jaia



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia