euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valparaisoko Eusko Etxea Echenique eta Urchueguiarekin bildu zen Euskadiren Ordezkaritzan Santiagon

2010/03/25

Bilera Viñako EEak Euskadiren Txileko ordezkari berria den Ana Urchueguiarekin izan duen lehenengo kontaktua izan da. Egun gutxiko bisita honen ostean, Euskadira itzuli, bertako kontuak bideratu eta orduan etorriko da Urchueguia Txilera bizitzera
Bilera Viñako EEak Euskadiren Txileko ordezkari berria den Ana Urchueguiarekin izan duen lehenengo kontaktua izan da. Egun gutxiko bisita honen ostean, Euskadira itzuli, bertako kontuak bideratu eta orduan etorriko da Urchueguia Txilera bizitzera

PUBLIZITATEA

Valparaisoko Eusko Etxe txiletarreko ordezkaritza bat, Archibaldo Uriarte elkarteko lehendakaria buru, Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Ana Urchueguia Txile eta Perurako ordezkari izendatu berriarekin --otsailaren 23an izendatu zuten-- bildu da Santiagon, Euskadiren Ordezkaritzan, Txilek joan den otsailaren 27an jasan zuen lurrikararen osteko gisa honetako lehenengo bileran. Bosgarren erregio txiletarreko euskal etxearen izenean, Uriartez aparte, María Luisa Sáinz Aguirrezabal, Victoria Arizaga, Francisco Pinedo, Ignacio Carracedo eta Manuel Uriarte zuzendariak (zuzendari deitzen zaie hemen batzordekideei) hartu dute parte. "Bilera adeitsua eta gure ikuspuntutik arras positiboa izan da", adierazi dio EuskalKultura.com-i Archibaldo Uriartek.

Santiago, Txile. Elkarretaratze hau Viña-Valparaisoko Eusko Etxeak Urchueguia ordezkariarekin izan duen lehenengo kontaktua izan da, otsailaren 23an izendatu bazuten ere ordezkari berria ez baita oraindik Txilera bizitzera etorri eta oraingo bidaia hau, Echeniquerekin --honek euskal komunitateko eta txiletar gobernuko solaskideen aurrean aurkez dezan-- izan baita orain arte Lasarteko alkate izan den politikariaren aurreneko lan-urratsa Txilen. Izan ere, Euskadin dauzkan kontuak bukatzen ari da oraindik Urchueguia, eta horiek bideratutakoan hasiko omen da buru belarri bere kargu berriko obligazioekin.

Lehenengo bilera honetan, ordea, Viña-Valparaisoko Eusko Etxekoek aukera izan zuten elkarteak garatzen dituen ekimenen berri emateko, baita euren kezka, asmo eta arazoak agertzeko ere, kultura, gizarte eta kirol mailan. Eta ez zuten batere ahaztu otsailaren 27ko lurrikarak euren egoitzan egindako kalteak aipatzea, dardarak eraikinaren egitura eragin eta arriskutsu bilakatu baitu, elkartea egoitzarik gabe utziz.

2010 euskaldiren ordezkaritza santiagon

[Txile eta Perurako Euskadiren ordezkari berri Ana Urchueguia; Archibaldo Uriarte, Viña-Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakaria; eta Guillermo Echenique, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Euskadiren Ordezkaritzan, Santiagon]

Jaurlaritza ordezkatzen zuten bi solaskideak arretaz entzun zuten mahaigaineratutakoa eta ongi hartu zituzten planteatutako kezka eta eskeak eta Jaurlaritzak lagunduko diela hitz eman zuten, Archibaldo Uriartek bileraren ondoren aipatzen zuenez.

Gonbidapena ordezkari berriari

"Bilera adeitsua eta gure ikuspuntutik arras positiboa izan da euskal etxearentzat", laburbiltzen zion Uriartek EuskalKultura.com-i. "Gonbitea luzatu diogu Ana Urchueguia andereari lasaixeago bisitatu eta Valparaiso eta Viña del Mar-eko euskal gizataldea agurtzera etor dadin, bere kargu eta lan berri garrantzitsuari ekin ondoren".

1943an fundatu zen Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakariak aukera baliatu zuen euskal agintariei eskerrak emateko "lurrikara eta itsasikararen ondoren Txileko euskaldunez erakutsi zuten kezka eta arrenguragatik", e-mail eta telefono bidezko komunikazioak berreskuratu zituzteneak "telefonoi dei pertsonala egin baitzion Euskaditik Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gure euskal etxeko lehendakariari, aldi berean Patxi Lopezen agurra eta interesa ere transmitituz", esan zuen Archibaldo Uriartek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia