Viña del Mar, Txile. Valparaisoko Eusko Etxeak Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren bisita jaso zuen iragan astean. Elorzarekin batera izan ziren Leire Madariaga, Kanpo Harremanetarako zuzendaria, eta Rafael Kutz, Euskadiren ordezkaria Txile eta Perun..
Harrera Eusko Etxeko zuzendaritzako kideek egin zieten, Archibaldo Uriarte presidentea buru, eta "berarekin batera emakumeen eta gazteen arloko arduradunek", bertatik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez. Berehala 100 urte beteko dira hiriko euskaldunek beren lehenengo euskal elkartea sortu zutenetik eta Eusko Etxeko ordezkariek horren guztiaren eta Eusko Etxea eta euren jardueren berri eman zieten Euskal Herriko bisitariei.
Bere aldetik, Elorzak Eusko Etxeak egiten dituen jardueren balioespen baikorra egin zuen, eta gazteen zein nagusien parte hartzea eta engaiamendua azpimarratu zituen. “Etxe hau bizirik mantendu duen tradizioa eta gazteen parte hartzea uztartzea funtsezkoa da euskal etxearen etorkizuna ziurtatzeko, eta oso garrantzitsua aurten beteko den Mendeurrenari begira", esan zuen. Bisita oso giro atseginean egin zela nabarmendu zuen Elorzak, “Ozeano bat zeharkatu dugu, baina hala ere, etxean gaudela sentitzen dugu," baietsita.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko hiru ofizialeek Valparaisora egindako bidaia honen atzean, Txileko Senatuko presidente berriaren kargu hartze ekitaldian parte hartzea egon da, Patricio Walker berak gonbidatuta.