euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valparaisoko Euskal Etxeko sortzaileetako bat, Pedro Elorriaga Echeverria zornotzarra, hil da Txilen

2007/05/28

Pedro Elorriaga bere ikurrinarekin, Rubila Araya Ariztiak idatzi zuen 'Arrojos, dichas y nostalgia' liburuak argitara ematen duen irudian (argazkia R. Araya)
Pedro Elorriaga bere ikurrinarekin, Rubila Araya Ariztiak idatzi zuen 'Arrojos, dichas y nostalgia' liburuak argitara ematen duen irudian (argazkia R. Araya)

PUBLIZITATEA

Valparaisoko Euskal Etxeak 1943an elkartea sortzeko abenturari ekin zioten bazkideetako bat galdu du. Pedro Maria Elorriaga Echevarria joan den maiatzaren 12an hil zen, Viña del Mar-en. Hileta Valparaiso ondoan dagoen hiri honetan egin zen eta bertako eta Txileko euskal komunitateko ordezkaritza mardula izan zen bertan. Archibaldo Uriartek, Valparaisoko Euskal Etxeko lehendakariak, hitz batzuk eskaini zituen hiletan, Elorriagaren bizitza eta ibilbidea gogoratuz. Zornotzan (Bizkaian) jaioa 1923an, Elorriaga frankismo eta nazismoarengandik ihesi heldu zen Txilera.
Valparaisoko euskaldunek agur esan zioten Pedro Elorriaga Echeverría kideari, euskal apaiz batek emaniko meza elizkizunean. Lagun asko bildu ziren Karmeliten elizara, euskal komunitateko ordezkaritza mardula tartean. Jon Erdozia, Euskadiko Ordezkaria Txilen, bertako Euskal Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarterekin bidali zituen doluminak, Euskal Herritik Josu Legarretak egin zuen bezalaxe. 'Familiaren aldetik agurra egin zioten Fabian eta Pedro semeek, Guillermo Baltra suhiak (Edurne Elorriagaren senarra) eta bi ilobek. Denek Elorriagaren ibilbidea eta euskal sena azpimarratu zituzten. Alaben artean Arantzazuk aitaren lanari jarraipena ematen dio, Euskal Etxearen aktibitateekin konprometituta', aipatu dio BasqueHeritage.com-i Archibaldo Uriartek.

Pedro Elorriaga 1943an Valparaisoko Euskal Etxea sortu zuen euskaldunen taldeko kidea zen. 1923an jaio zen Zornotzan (Bizkaian) eta euskal kultura bere bizitza eta izaeraren zati banaezina zen. 'Ez daukat inorekin euskaraz hitzegiteko aukerarik, baina ez dut sekula ahaztu. Horrek zera esan nahi du: euskaldun jaio eta euskaldun hilko naizela', esan zion Rubila Araya Ariztia kazetariari 'Arrojos, dichas y nostalgias. Vascos en el Valparaíso del siglo XX' libururako egin zuen elkarrizketan (liburu honek 2005eko Andres de Irujo saria irabazi zuen). Elkarrizketa honetan Elorriaga bizitzan eginiko bidaiak gogora ekartzen zituen --Frantzia, Belgika, Txile...-- 36ko gudatik, nazismotik eta Francoren diktaduratik ihesi. Txilen lekua sortu zuen eta behin bakarrik bueltatu zen jaioterrira, baina Valparaison Euskal herriko zatitxo bat eraikitzea lortu zuen, Euskal Etxeko lagunekin batera. Goian bego Pedro Elorriaga.


Lotura interesgarriak

Valparaisoko Eusko Etxea
www.euskoetxea.cl

Jon Erdozia euskal ordezkaria Valparaisoko Euskal Etxean
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 30an

Rubila Andrea Arayak 2005eko Andrés de Irujo saria irabazi du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urtarrilaren 24an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia