euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valparaisoko Euskal Etxearen zorrei aurre egiteko kanpaina hasi du zuzendari gazte talde sartu berriak: egizu bat ‘Olatuarekin’!

2018/09/04

Eusko Etxean 2018ko Euskal Herriko ikasleei egindako harrera
Eusko Etxean 2018ko Euskal Herriko ikasleei egindako harrera

PUBLIZITATEA

“Mila tanta behar ditugu olatu erraldoi bat osatzeko” diote Viña del Mar- Valparaisoko Eusko Etxe txiletarreko lagunek jendea kanpainan parte hartzera animatzeko. Izan ere, gaztejendeak osatutako zuzendaritza talde berria dauka elkarteak eta aurreko urteetan sorturiko zor handiak topatu ditu, ibilera normala baldintzatzen diotenak, eta zor horiek kitatzea ezarri du lehentasun. Beste zenbait neurrirekin batera, euskal komunitate osoari laguntza deia luzatzea erabaki du. Diru laguntza Internetez egin ahal da, hiru pauso errazetan. "Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten" dio esaerak, eta hondar ale bat jartzera animatzen zaituzte,

Viña del Mar-Valparaíso, Txile. Kostaldeko Viña del Mar eta Valparaiso hirietako euskal gizataldeak biltzen dituen Eusko Etxeak diru laguntza eskatzeko kanpaina bat jarri du abian azken egun hauetan. Kanpainan euren egoera eta eskaeraren arrazoiak ere azaltzen ditu.

2017ko irailean talde berri batek hartu zuen bere gain Eusko Etxearen kudeaketa. Elkartean sartu ginenean aktibitaterik gabeko eta zor handiak zituen hil zorian zegoen erakunde bat aurkitu genuen (…) .

Gaur, eta denon ahaleginari esker, euskara klaseak ematen ditugu, hilabete bakoitzaren lehenengo ostegunean afariak antolatzen ditugu txokoan, ehun pertsonentzako ekitaldiak antolatu ditugu, euskal aste bat egingo dugu abenduan eta gure egoitzak daukan etxe bat partekatzen dugu Euskal Herritik datozen trukeko ikasleekin...

Oso gogotsu gaude baina aurrera egin ahal izateko kitatu egin behar ditugu zor horiek. Hona ekidin ezin ditugun zorrak: Estatuko Diruzaintzari, 7.500.000 peso txiletar (10.000 euro inguru) eta Ur Enpresari 2.500.000 peso txiletar, (3.300 bat euro). Egoera larri honen aurrean laguntza eskatu nah diegu mundu osoko euskal gizataldeetako mila laguni, Euskal Herrikoei baina baita ere Argentinako, Estatu Batuetako, Uruguaiko…, eta noski, bertakoei, txiletarrei, ere. Bakoitzak 10.000 peso txiletar (hau da, 15 euro) jarriz gero, zorrak kitatu ahal izango ditugu eta etxearen etorkizuna bermatuko dugu”.

Laguntza emateko link honetan behar da sartu eta jarraipideei segitu. Euskal Etxekoek kanpaina zabaltzeko azpiko bideo bat ere egin dute. Bideoa zabalduz ere laguntzen da.


[Kanpaina sustatzeko bideoa]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia