euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valparaísoko Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritzak Txilen duen Ordezkari berriaren bisitari abegikor erantzun zion

2007/04/30

Jon Erdozia ordezkaria, Archibaldo Uriarte eta Valparaísoko Eusko Etxeko beste kide batzuekin
Jon Erdozia ordezkaria, Archibaldo Uriarte eta Valparaísoko Eusko Etxeko beste kide batzuekin

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak Txilen daukan Ordezkaritzako burua, Jon Erdozia donostiarra, bildu berria da, Valparaísora bidaiaturik, bertako Eusko Etxeko eta euskal komunitateko lagunekin, eta bere burua aurrez aurre aurkeztearekin batera, Jaurlaritzaren programa eta plan orokorrak aipatu ditu, Euskal Herriko egoera, Diasporarako planak eta Txileko euskaldunengan eraginik izan dezaketen kontuak aletuz. Hitzordura bildutakoek, berriz, euren ikuspegi, kezka eta proposamenak luzatu dizkiote Ordezkariari, kontaktuak areagotu eta maizago egitekotan.
'Bilera', azaldu dio EuskalKultura.com-i Archibaldo Uriarte Valparaísoko Eusko Etxeko lehendakariak, 'joan den apirilaren 13an egin zen, ostiralez, eta Ordezkari berriaren --lau hilabete ez dira karguaz jabetu zela-- eta Txileko Bostgarren Erregioko euskal komunitatearen arteko lehenengo aurrez aurreko kontaktu eta aurkezpen gisa balio izan zuen'. Erdozia ordezkariak Eusko Jaurlaritzak hainbat gaietan daramatzan ildo eta politika azaldu zituen, horien artean Diasporarekiko gaiak eta zehatzago Gasteizek Txilera begira daraman jokabidea; Bakea, indarkeria eta normalizazio politikoaren gaiak ukitu zituen, eta baita egoera ekonomikoaren abiada positiboa ere, besteak beste.

Archibaldo Uriarte lehendakariak aurkeztu zien bertaratutakoei Ordezkari berria eta honek zenbait jenderen galderei erantzun zien, tartean erakundeko gazteek eginikoei, partikularzki 'Euskal Herrirantz' programari buruz, Josu Legarreta buru duen Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak abiarazi eta zenbait urtez indarrean egon ostean iaz bertan behera utzi zena. Bat baino gehiago izan ziren programa berriz indarrean jartzearen alde azaldu zirenak eta, izan ere, horixe izango omen da datorren uztailean Valparaísok Euskal Etxeen Mundu Biltzarrera bidaliko duen ordezkaritzak planteatuko duen gaietako bat.

Valparaísoko 'Club Naval' esklusibo samarrean eginiko bilera-bazkarira bildutakoek Gernika izan zuten gogoan, bonbardaketaren 70. urteurrenaren karietara, eta Aberri Eguna ospatzeko ere balio izan zuen elkarretaratzeak. Jon Erdoziak gonbitea luzatu eta bidea zabaldu zien hala nahi duten guztiei interneteko konpondu.net webgunean sartu eta euskal gatazkei eta konponbideei buruzko euren iritzi, proposamen eta kezkak azaldu eta hango eta hemengo beste euskaldunekin eztabaidatzeko.


Lotura interesgarriak

Jon Erdozia, Euskadiko Ordezkari berria Txilen
EuskalKultura.com-en 2007ko urtarrilaren 17an argitara emana

Valparaísoko Eusko Etxearen webgunea
www.euskoetxea.cl

Santiagoko Eusko Etxearen webgunea
www.euzkoetxeachile.cl

Emprebask, Jatorri Euskalduneko Enpresari Txiletarren Elkartea
www.empresariosvascos.cl

'Euskadiren Ordezkaritza Txilen'-i buruzko informazio gehiago
www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net-en

Konpondu.net, Lehendakariaren elkarrizketarako solasgunea
www.konpondu.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia