Valladolid, Espainia. Pucelako euskal elkarteak aldiro egin ohi duen Euskal Herrirako irteera egin du. Joan den astebutuan, Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeko lagun kuadrilla bat Donostiaraino heldu zen, elkarteko abesbatza ordezkaritzako ikur eta erakusgarri aitzindari harturik. Abesbatzak kontzertu dezente eskaintzen ditu Gaztela eta Leon erkidegoan eta kanpoan ere bai. Kasu honetan, joan den igandean Donostiako Artzai Onaren Katedralean abestu zuen, Javier Frontela zuzendari.
Gure Txoko EEko abesbatza kantari igande goizez Donostiako Artzain Onaren katedralean
Asteburupasak hiriburu gipuzkoarrean, ohi bezala, turismo pixka bat eta bazterrak bisitatzeko aukera eman zien espediziokideei, eguraldi euritsuak gehiegi lagundu ez bazien ere. "Donostia beti da ederra", aitortu zuten, dena den, taldekideek. Larunbat eguerdian Zubietako Araeta sagardotegian bazkaldu zuten, ‘txotx’ eta txuletoiak barne. Igandean, berriz, Donostiako Alde Zaharrean barneratu ziren eta bertan hartu zuten hamaiketakoa, Gaztelubide Elkartean, hain zuzen, harrera polita egin zietelarik.
Valladolideko espediziokideak Zubietako Araeta sagardotegian txotxa praktikatzen
Gure Txokoko lagunak donostiar ikonoa den Alde Zaharreko Gaztelubide elkartean
Gogora dezagun Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeko abesbatzak euskal folklorea abesten duela gehienbat, euskaraz, baita kantu sakroa ere, eta astean bitan entseatzen duela, astearte eta ostegunetan, EEaren Estrella kaleko egoitzan. Urtean zehar Gaztela eta Leongo leku frankotan eskaintzen dituzte emanaldiak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko katedral guztietan kantatu dutela eta baita Donostiako eta Bilboko eliza garrantzitsuenetan ere. Koruan sartzeko Euskal Etxearekin behar da jarri kontaktuan eta ez da aldez aurreko musika ezagutzarik eskatzen.
Gure Txoko Euskal Etxea sareetan: Gure Txoko Valladolid; guretxokovalladolid