euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valladolideko Gure Txokok hiriko kaleetara atera zuen euskal kultura elkartearen aurreneko Euskal Jaian

2013/10/02

Gure Txoko Euskal Etxeko koruak kantaldia eskaini zuen Santo Domingo de Guzman elizaren atarian (argazkia ValladolidEE)
Gure Txoko Euskal Etxeko koruak kantaldia eskaini zuen Santo Domingo de Guzman elizaren atarian (argazkia ValladolidEE)

PUBLIZITATEA

Aurreneko aldiz Euskal Jai bat egin du aurten Valladolideko Gure Txoko elkarteak eta bertako arduradunak oso pozik agertu dira jarduerak izan duen harrera ona dela eta. Festa iragan irailaren 29an egin zen, igandean, eta euskal etxeko lagun asko bildu ziren bertara, lepoan arrantzale zapia zutela. Ekitaldiaren asmoa euskal kultura Gaztelako hiri honetako kaleetara ateratzea zen eta horixe lortu zuten, elkarteko koruak egin zituen kantaldiei esker. Egunari bukaera biribila emateko, lagunarteko bazkaria egin zen Gure Txokon.

Valladolid, Espainia. Gure Txoko elkarteak iragan igandean egin zuen aurreneko Euskal Jaia, eta, Jokin Oncalada bazkideak EuskalKultura.com-i agertu dionez, elkartearen asmoa euskal  kultura "txokoaren lau pareten artetik ateratzea" zen.

Eguna goizean goiz hasi zen, Santo Domingo de Guzman parrokian egin zen mezarekin. Euskal Etxeko koruak elizkizunean parte hartu zuen eta ondoren euskal kanta herrikoien kantaldia eskaini zuen elizaren atarian. Ondoren abesbatzak hiriko kaleetan barrena osteratxoa egin zuen eta gune zentrikoetan kantaldiak eskaini zituen, hala nola Valladolideko plaza nagusian.

Valladolid Euskal Jaia 2013

[Koruko kide batzuk Valladolideko plaza nagusian (argazkia ValladolidEE]

Valladolid Euskal Jaia 2013 2

[Gure Txokoko txikiek ere bat egin zuten jaiarekin (argazkia ValladolidEE)]

Eguerdian bazkide taldea euskal etxera itzuli zen eta lagunarteko bazkaria egin zuten. Bazkalostean txikientzako jokoak eta jarduerak egin ziren, euskal kulturaren alde desberdinak jolasen bitartez ezagutzen laguntzeko.

Elkarteko bazkideak oso pozik agertu dira Euskal Jaiaren aurreneko edizio honek izan duen harrera onarekin eta datozen urteetan ere tradizio jaio berri honi eusteko asmoa agertu dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia