Valladolid, Espainia. Ez da izan euskal etxe gutxirentzat Euskal Diasporaren Eguna ospatzea aukera eta helpuntu txarra pandemiak ekarritako geldialditik ateratzeko, koronabirusaren azkenaldiko datu hobexeak lagun. Valladoliden, bertako Gure Txoko Euskal Etxeak ahalegin berezia egin du ikasturte berriari hasiera eman, Euskal Diasporaren Eguna ospatu eta Valladolideko jendeari normalean ikusten ez duen kirol erakustaldi tradizional bat eskaintzearren, Euskal Herritik ekarritako gazte aizkolari eta harrijasotzaileekin.
Herri kirolariak ez dira gainera nolanahikoak izan: harrijasotzaileak, Inaxio Perurena eta Aroa Sanchez, eta aizkolariak Uxue Ansorregi eta Mikel Agirre (azken hau, lesionatuta zegoenez, David España izan zen azkenean, parte hartu zuena).
"Primerako eguna izan genuen danok", adierazi diote Euskal Etxetik EuskalKultura.eus-i, irailaren 18an, larunbata, klubeko kideek aspaldiko partez "ia pandemia aurreko moduan" bildu eta elkar ikusi ahal izan zutelako, eta Valladolideko jendeari euskal herri kirol ikuskizun on bat aurkeztu ahal izan ziotelako, trontza, aizkora eta harriarekin, gizon eta emakume gazteen eskutik. Egunean bertan jakin zuten, harrituta, Gaztelan, Segoviako herri batean, talde bat ari dela aizkoran eta harri jasotzean pausoak ematen.
Zorionak eta eutsi ongi hasitako ikasturteari!