Valladolid, Espainia. Euskal kulturaz gozatzeko aukera ederra izan zuten joan den igandean Valladoliden, ez bakarrik bertako Euskal Etxeko lagunek, herritarrek oro har baizik. Izan ere, hiriko Gure Txokok antolatutako 2024ko Euskal Jaiak elizan, kalean eta Udaletxearen aurrean izan zituen une publiko garrantzitsuenak. Valladolideko euskaldunek Euskal Herritik propio etorritako bi elkarte izan zituzten agerkide, donostiarrak biak: Eskola Dantza Taldea eta Gaztelubideko 'Gaztainaren Orfeoia', bertako abesbatzarekin bat eginez.
Eskola Dantza Taldea eta Gaztelubideko Gaztainaren Orfeoia Donostiatik heldu ziren gonbidatu, EEko abesbatza eta bazkideekin bat egiteko 2024 Euskal Jaietan
Programa igandean, urriaren 20an gauzatu zen, San Lorentzo Martiriaren Andre Mariaren elizan eman zen meza nagusiarekin hasita. Mezan Gure Txokoko Abesbatzak kantatu zuen, Javier Frontela zuzendari. Meza bukatutakoan, elizaren aurrean, Donostiatik bidaiatutako Eskola taldeko dantzariek eta Gaztelubideko Gaztainaren Orfeoiko kideek dantzatu eta kantua eskaini zuten eta handik kalejiran abiatu ziren Udaletxeraino.
Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Euskal Jaialdiak leku berezia dauka dagoeneko hiriaren egutegian eta karia horretara seguruenik Nacho Zarandona zinegotzia, Udalaren izenean, eta Julio Cesar Garcia Hernando diputatua, Diputazioaren ordezkari, harreragile izan ziren eta hartu zuten parte ekintzetan. Euskal Etxearen izenean, Itziar Rodríguez lehendakariordeak, Juan Manuel De La Fuente idazkariak eta Aitor Aranzabal idazkariordeak egin zieten zegokien harrera.
Euskal Etxeko abesbatza mezan
Nacho Zarandona eta Julio Cesar Garcia Hernando hiriko agintariak Euskal Etxeko Itziar Rodriguez-ekin eta dantzariekin
Musika, dantza eta danborrada Valladolideko Gure Txokoren eskutik
Eguerdi aurrekoari amaiera biribila emateko, euskal ohiturazko lagunarteko bazkaria Euskal Etxearen egoitzan egin zuten, euskal etxearen Gure Txoko izenak izaera horri erantzute baitio. Izan ere, bertan maite duten moduan, euskal lagunarte tradizioletako giroa nagusitu zitzaion arratsaldeari, janari goxoa, umore ona eta musika, dantza eta kantuak osagai. Gure Txoko-ko Zuzendaritza Batzordeak egunaren balantze ezin hobea egin zuen, elkarteko bazkide eta lagunak ez ezik komunitate osoa ere oso pozik zegoelako.
Domusantu, perretxikuak, Euskararen Eguna...
Euskal Jaia Gure Txokoren egutegian gorriz agertzen den data bada ere, Euskal Etxeak aurrera darrai bere ekintzekin. Berehala datozen hitzorduak dauzka azaroaren 6an Domusantu ospatzea eta azaroaren 8an, Cesar Lomasen eskutik, perretxiko dastaketa. Badira gehiago tartean, baina urte amaierarainoko jauzia emanez, bertan dauzka baita ere abenduan Euskararen Eguna, abenduaren 6an, eta baita San Tomas Eguna ere, azken hau abenduaren 17an, ahaztu gabe Olentzeroren bisita.