Iragan asteburuan, urriaren 1 eta 2an, Valladolideko Gure Txoko elkarteak urteroko Euskal Jaia ospatu zuen, euskal kultura hirian erakutsi eta ezagutzera emateko helburuarekin. Horretarako, Euskal Herriko gonbidatuak izan zituzten: Elgoibarko Haritz dantza taldea, hain zuzen ere. Dantzariek San Nikolas elizan egin zen mezan parte hartu zuten eta igandean hiriko kaleetan barrena kalejiran ibili ziren, giro alaiean.
Valladolid, Espainia. Oporrak amaituta, lanera itzuli da Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxea, eta ondo bueltatu ere; izan ere, 2016ko Euskal Jaiarekin ekin zioten kurtso berriari. Iragan larunbatean, urriaren 1an, hasi zen Euskal Jaia, Euskal Herritik etorritako gonbidatu batzuekin: Elgoibarko Haritz dantza taldearekin. Dantzari gipuzkoarrek erakustaldia eskaini zuten San Nikolas elizan, eta euskal etxeko koruak bertan egin zen meza elizkizunean abestu zuen.
Atzo, igandean, elgoibarko dantzariek euren maixutasuna erakusten jarraitu zuten, oraingoan Valladolideko kaleetan, kalejira egin baitzuten, txistulari, kantari eta euskal etxeko bazkideek lagunduta. Ibilbidea San Nicolas elizan hasi zen, eta han aurreskua eskaini zioten dantzariek Valladolideko alkate Oscar Puente jaunari eta Gure Txokoko presidente Oscar Castañedari. Ondoren, hiriko kaleetan barrena ibili zen taldea, ikusleen jakinmina piztuz, eta beste aurresku batekin amaitu zen kalejira, oraingoan San Benitoko Ama Birjiñaren aurrean.