euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak astebeko kultur ekitaldiekin ospatuko du bere 25. urteurrena

2009/03/18

Harrijasotzaileak izango dira ikusgai Gure Txokoren 25. urteurreneko ekitaldietan
Harrijasotzaileak izango dira ikusgai Gure Txokoren 25. urteurreneko ekitaldietan

PUBLIZITATEA

Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxea bere sorreraren 25. urteurrena ospatzen ari da aurten eta hori dela eta kultur aste bat antolatu du martxoaren 28tik apirilaren 4a bitartean. Baina ospakizunak hasiak dira jada Gure Txokon, eta joan den otsailaren 27 eta 28an elkarteak bazkideentzako afaria, eskertza meza eta hiriko bizilagunei irekitako jardunaldia eta hamaiketakoa egin zituen. Hil honen 28tik aurrera, gehiago: herri kirol erakusketak, harrijasotzaile eta aizkolariekin, gastronomia topaketa eta elkarteko koruaren emanaldiak, besteak beste.

Valladolid, Espainia. Valladolideko Gure Txoko elkarteak mende laurdena bete du euskal kultura Gaztela-Leongo hiriburuan zabaltzen. Rodrigo Anton da joan den urtez geroztik elkarteko lehendakaria eta Juan Tomás García-Iturri Ulibarri lehendakariordea. Elkartea Valladolideko euskal komunitatearen topagune garrantzitsua da eta nahiz eta Euskal Herritik nahiko gertu dauden, herrimina lagun artean eta bazkari goxo baten inguruan hobeto sendatzen dela uste dute bazkideek.

Mende laurdeneko ospakizunak otsailaren 27an hasi ziren, bazkideek egin zuten afari batekin, eta ondoren, 28an, euskal etxeak ateak ireki zituen Valladolideko hiritarrei bertara etorri eta elkartea ezagutzeko gonbitea eginez. Ondoren, arratsaldeko seietan meza elizkizuna egin zen Valladolideko katedralean, hiriko gotzainak gidatuta. Ekitaldi honetan Valladolideko hainbat agintari eta hiriko beste kolektibitateetako ordezkariak bildu ziren.

Elkarteko abesbatzak bere kantuekin parte hartu zuen elizkizunean. Mezatik irten eta elkarteko dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatu zuen eta ondoren parte hartzaile guztiak euskal etxera itzuli eta askari bat hartu zuten euskal etxean. Hurrengo egunean, igandean, elkarteko korua Villagarcía de Campos herrian izan zen, bertan meza elizkizunean parte hartuz.

Ospakizunak hil bukaeran jarraituko dute, martxoaren 28tik 4ra egingo den kultur aste batekin. Bertan herri kirol lehiaketak izango dira ikusgai --harrijasotzaile eta aizkolariak, besteak beste-- eta elkarteko koruak hainbat emanaldi eskainiko ditu. Bestalde, euskal etxea hiriko beste kolektibitateekin batera gastronomia topaketa bat prestatzen ari da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia