Valladolid, Espainia. Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu aurten. "Ugariak izan ziren fundatzaileek egindako lanak, jo ta ke, gogotsu, ilusio eta dedikazioz, gaur egun guztiok balia dezakezun ahalegina handi bat. Elkarte bizia gara, eta bazkide eta lagunei euskara eskolak eskaintzen dizkiegu, eta ohiko festak ospatzen ditugu, tartean Diasporaren Eguna, Korrika, Olentzero...", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Angel González Euskal Etxeko idazkariak.
Urrian hirian dagoeneko tradizionala bilakatu den euren Euskal Jaia ospatu zuten, eta ohi dutenez, gonbidatuak ekarri zituzten Euskal Herritik, kasu honetan dantzari eta txistulariak Gernikatik, Valladolideko karriketan erakuts zitzatzen euskal dantzak. Dantzatu zuten baita ere hiriko bi eliz esanguratsuenetan, San Pablo eta La Antiguan, emanaldi berean Euskal Etxeko abesbatza ere aritu zelarik. Eta prestatzen ari dira dagoeneko hurrengoa, beti ere atxikimendu handia pizten duen babarrun edo indaba-jatea.
Datorren larunbatean txangoa eta kontzertua Begoñan
Hurrengo larunbat honetan, Euskal Etxeko abesbatza, 23 kantarirekin, Javier Frontela zuzendari, Euskal Herrira hurreratuko da. Eurekin, beste hainbeste bazkide eta lagunek ere bidaiatuko dute, euskal elkartearen 40. urteurren hau behar bezala ospatzeko eta Bilboz eta bere gastronomiaz gozatzeko, Guggenheim bisitatzea ere barne. Hona larunbat arratsaldeko 17:00etatik aurrera Begoñako Basilikako mezan kantatuko duten erreperorioa:
- Coral Judas Macabeo (Händel)
- Aleluya (Händel)
- Regina Coeli (Antonio Lotti)
- Sanctus Benedictus (Dante Andreo)
- Aita Gurea (F. Madina)
- Agnus Dei
- O esca viatorum
- Cerca de Ti, Señor
- An irish blessing
Eta segidan bertan eskainiko duten kontzertu laburrean:
- Boga, boga
- Nerea izango zen
- Elurva de Jaroff
- Esta tierra (Javier Busto)
- Agur jaunak
Guztia bi eguneko txango eta asteburupasa eder baten baitan. Antolatzaileen aldetik, Begoña Olaskoaga bazkide eta koruko kantariak eskerrak eman nahi dizkio Bizkaiko Industria Ingeniarien Eskolari lagungarri izateagatik Begoñako Amaren Basilikako parroko on Ignaziorekin harremanetan jartzen, artzapezpikuaren bulegokoekin mintzatu ostean. Baita korukide baten familiarra den Merce Sánchez-i ere, kontaktuekin eta bidaia muntatzerakoan emandako aholkuengatik. Eta, nola ez, eskerrik asko ozen bat Gure Txokoko Zuzendaritza Batzordeari, urtean zehar egiten duen lanagatik, eta oraingoan, bidaia honek aurrera egin zezan eskaini duen laguntza baliotsuagatik.