euskal diaspora eta kultura
2014/07/31
PUBLIZITATEA
Joseba Etxarri. Asko dira San Frantzisko Estatu Batuetako hiri politena gisa aurkezten dutenak, aipatuz, kari horretara, hiriak eskaintzen duen kolore eta bizitza, bere jendeen dinamismoa edo izaera kosmopolita militantea. Gaurko gure solaskidea sanfrantziskotarra da sortzez eta beharbada horregatik harro dago bere baitan eta bere inguruan bi mundutako onena bildu ahal izanaz, bere-bereak baititu Kalifornia iparraldeko Dama Gazte Pertxenta, eta bere arbasoen sorleku Garazi Baxenafartar Xaharraren ekarpenak.
-Zer nolako hiria da San Frantzisko?
-Hiri anitza eta kosmopolita, baina biztanle edo bisitari dituen jatorri eta kultura askotako milaka jendeek ematen dioten nazioarteko izaera horren gainetik ez du bere herri txiki izaera galtzen. Sanfrantziskotarroi gustatzen zaigu pentsatzea nazioarteko proiekzio handia hor egon arren, hiriak eusten diola bere komunitate txiki izaerari.
-Krisi ekonomikoaren erdian gaude. Zuek pasa zenuten. Non zaudete zehazki?
-Hobetzen. Gauzak goititzen ari direla dirudi. Zorionez azkeneko bi urteotan jendea baikorrago ikusten da, finantzei bagagozkio. Jendea hasi da pixkat gehiago dirua olgetan gastatzen eta lehenago behar-beharrezkoak zeuzkan gastuak baino ez zituen egiten. Uste dut San Frantziskon eta oro har Kalifornian ateratzen ari garela eta hurbil ikusten dugula tunelaren argia. Krisia ez da oraindik erabat pasa, baina nabari da giroa askoz ere baikorragoa dela duela pare bat urte baino.
-Euskal Herriko eta Europako egoera ere ezagutzen duzu. Nola ikusten gaituzu?
-Gurearekin alderatuz hiruzpalau urte beranduago heldu zaizue krisia, hor zabiltzate eta ez nuke jakingo esaten iritsiak zareten honezkero gora egiten hasteko puntura. Entzuten dudanaren arabera, jende asko estuasun ekonomikoan dago, eta oro har zuhurtasun da nagusi. Jendea gastuak murriztu egiten ditu eta begiratu gabe gastatzea jendearengandik urrun dagoen zerbait da. Estatu Batuetan aldaketak denbora hartu zuen, baina argi dago hasiera duenak amaiera ere baduela. Gauza da noiz izango den, noiz iritsiko den momentu hori.
-Batzuek Donostia San Frantziskorekin alderatzen dute. Zer uste duzu?
-(Hausnartzen geratzen da) Uste dut badagoela bi hiriek elkarbanatzen duten bizitasun moduko bat, nolabaiteko jarrera edo izaera. Bi hiriek, bakoitza bere ezaugarriekin, lortzen dute bisitaria ongietorria sentitzea bertako kulturara; baina ez naiz ari euskal kulturaz, hiriaren kulturaz baizik. Ongietorria eta abegikor hartua sentiarazten zaituzte eta horrek jendea ongi sentitzera eta parte sentitzera bultzatzen du, izan dadin North Beach-era joaten, eta bertako bizimoduko lekuko izaten, edo ateratzen gauez Donostiako Alde Zaharrera. Integratzeko eta onartua izateko zentzuaz ari naiz. Donostiako Alde Zaharrean hizkuntza asko entzun ditzakezu, ez euskara eta gaztelania soilik, baita ingelesa, frantsesa eta beste asko ere, leku askotatik etorritako jende gero eta gehiago dago. Hori uste dut hori elkarrekin banatzen dutela. Aparte, jakina da biak kostaldean daudela, badia daukatela... nahiz eta Donostiako ura San Frantziskokoa baino epelagoa edo beroagoa izan, Donostiakoa hotza dela esaten duenak San Frantziskokoa behar baitu dastatu: hura bai ur hotza!
-NABOko, alegia Ipar Ameriketako euskal etxeen federazio biltzaileko lehendakaria zara eta halaber San Frantziskoko euskal komunitateko buruzagi. Zenbat euskal etxe dauzka zure estatuak, Kaliforniak?
-Ikus dezagun; Susanville, Rocklin, Marin-Ventura... San Frantziskon San Francisco Basque Club, San Francisco Basque Cultural Center, San Francisco Anaitasuna eta BEO (Basque Educational Organization); eta gero Los Banos, Fresno, Bakersfield, Ventura, Los Angeles Oberena, Chino eta La Puente-ko euskal etxeak... Hamalau zenbatzen ditut, orotara Estatu Batuetan 42 euskal etxe ditugula.
-San Frantziskoko Zazpiak Bat Basque Dancers taldeko zuzendari zara. Irakasle ona izan zenuen.
-Aita izan nuen irakasle, Pierro Etcharren. Urte askotan izan zen hiriko dantzarien irakasle. Gero lekukoa hartu nion. Gure familian, dantza tradizio da, ez bakarrik dantzari gisa, dantza-irakasle gisa ere baino. Orain Joana, hamalau urteko gure alaba, helduen taldearekin ari da dantzan eta larunbatero etortzen da nirekin euskal etxera entsaioetara, haurren taldearekin laguntzera. Gurpilak aurrera darrai.
-Txistularia ere bazara.
-Uste dut musika eta dantza garrantzitsuak direla. Ez dira soilik ikusteko eta entzuteko zerbait, sentitzeko eta sentiarazteko dira. Eurekin harrotasun sanoa adieraz dezakezu eta partaidetza sentimendua sentitu eta transmititu. Ez da batere kointzidentzia dantza, musika eta kantua Diasporan hain indartsu landu eta gorde izana, modu berezian lotzen zaituzte Euskal Herriarekin.
-Guztia San Frantziskon ikasia.
-Bai, baina ardura bidaiatu izan dut baita ere, batez ere Baxenabarrera, bertakoa baitut familia. Txistuan nire lehengusu Alain Erdozaincy-rekin hasi nintzen, txistulari baitzen San Frantziskon. Dantzan eta txistuan garai beretsuan hasi nintzen, zazpi-zortzi bat urterekin. Udalekun, NABOk haurrentzat antolatzen dituen udalekuetan segitu nuen, hor Manu Pe-Mentxaka irakasle genuela, uda oro etortzen Euskaditik. Eta geroago, zortea izan dugu, aita Martxel Tillous xiberotarra ere urte askotan jardun baita, txirula eta txistuarekin. Egiari zor, San Frantziskon beti izan ditugu txistulariak, txistulari banda txiki bat, bost bat kidekoa.
-Momentu honetan Euskal Herrian zaude, Nafarroa Beherean, San Frantziskoko dantzari batzuen buru, pare bat asteko dantza ikastaldi batean.
-Bai, sei dantzarirekin etorri naiz. Lehenengo zati bat Zuberoan pasatu dugu, Barkoxen, bertako Fabienne Andere irakasle, eta astea han emanik, asteburuan, ikasitakoarekin, emanaldi bat eskaini genuen. Harritu nintzen, seiehun bat jende bildu baitziren. Biharamunean pastoralera joateko aukera izan genuen. Interesgarria oso, lehenengo aldiz ikusi baitut pastoral bat. Eta aste honetan Baxenabarreko Arnegin iari gara izaten ikastaroa, bertako Mirentxu Ausqui irakasle. Hemen ere, dantzaldi batekin amaituko dugu ikastaldia eta aurtengo esperientzia, datorren astean Estatu Batuetarako bidea hartuko dugu-eta. Emanaldia Arnegiko frontoian izango da, larunbatean, gaueko bederatzi t'erdietan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus