euskal diaspora eta kultura
2012/02/17
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Ohikoa da euskal argentinar bati elkarrizketa egiten zaionean, euskal etxe batekoa edo bestekoa den galdetzea, abiapuntu galdera gisa. Baina gerta daiteke baita ere elkarrizketatuaren Euskal Herriarekiko harremanek erakundeen mugak gainditzea. Eta hori izan liteke Valeria Magliocchettiren kasua.
“Euskal gizataldearekiko nire harremana 2001ean hasi zen. Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxera hurbildu nintzen orduan, euskara klaseak hartzeko helburuarekin”, azaltzen du euskal musikari argentinarrak. “Egiari zor, ordurako herriko Nafar Etxean nenbilen: anai-arrebekin txikitatik joaten ginen dantza egitera, eta 1994an musika tailerra hasi zenean, hirurok hasi ginen txistua jotzen. Baina eurekin izandako desadostasun batzuen ondorioz, alde egin genuen hirurok. Horren ondoren, Zazpirak Bat-ekoek txistu klaseak ematea proposatu zidaten eta hasieran zalantzan egon ostean, bizi izandako esperientzia txarragatik, aurrera egitea erabaki nuen, eta gogo handiz, gainera”.
“Orain pare bat urte Buenos Aires hiriburura mugitu nintzen eta geroztik zaila egin zait Zazpirak Bateko tailerrekin jarraitzea. Hala ere, bidaiatu egiten dut, eta klaseak ematen ditut San Nicolasen. Bertako euskal etxekoek ere musika tailer bat antolatzea eskaini zidaten eta hilean bitan joaten naiz. Agerian geratzen denez, euskal etxe askotan ibiltzen naiz eta aitortu behar dut etxekoa sentiarazten nautela, baina izan ez naiz ez batekoa ez bestekoa”, onartzen du Rosarioko txistulariak.
[Valeria Magliocchettik eskainitako tailer eta emanaldien irudiak]
Musika eta dantza banaezinak dira eta musika zuzenean entzun ahal bada, askoz hobeto, Valeriaren ustez. Horregatik oso gustura ematen dizkie musika eta dantza tailerrak zuzentzen dituen taldeko gazteei. Dena den, oztopoak ere -- ekonomikoak batez ere -- aurkitzen ditu bidean. “San Nicolaseko euskal etxean dantzari eta musikari taldea osatzen ari gara. Talde lana da, batzuek jotzen ikasi bitartean besteek dantza egiten ikasten dute. Badakigu egoera hori ez dela batere ohikoa hemen, Argentinan; oso pribilegiatuak dira San Nicolasekoak zuzeneko musikarekin entsaiatzeko duten aukeragatik. Txistulariek jotzen eta laguntzen ikasten dute, eta txistulari ona izateko dantza egiten ere jakin behar denez, hori egiten saiatzen gara, bi trebetasunak aldi berean garatzen. Zentzu horretan bide onean gabiltza”.
Baina ikas-irakasteko era hori Argentinan zehar hedatzea ez da erraza, musikarien dedikazioa ez delako beti behar bezala baloratzen. Eta ezagutzak, eskarmentuak eta trebetasunak preziorik ez badute ere, balore bat bai, eta handia. “Kosta egiten zaie erakunde batzuei etxeko musikari-txistulari bat izatearen abantailak baloratzea. Askok pentsatzen dute euskal etxe batean zaudenez eta euskal kultura maite duzunez, edo arbaso euskaldunak dituzunez, musutruke egin behar duzula lana, edo ezin duzula hau ogibidetzat hartu. Baina ez da horrela, beste hainbat lan bezalakoa da eta lan egin behar da bizi ahal izateko”, azaltzen du Valeriak, eta aurrerago doa: bera prest dago euskal etxeetan klaseak emateko, baina dioenez, “euskal etxe batetik deituko balidate tailer bat emateko, lehenik begiratuko nukeen baldintza nagusia benetako interesa duten ala ez ikustea izango litzateke. Ordainsariak-eta beti adostu daitezke. Biderako gastuak betetzen badira, gainerakoa konpondu daiteke. Interesa garrantzitsua da oso. Nirekin kontaktuan jarriz gero, valeizar@hotmail.com helbidera edo facebook-en -- Valeria Magliocchetti --, akordio batera heldu ahal izango gara”.
Ikasketaz ere da musika irakaslea Valeria Magliocchetti; Rosarioko Musika Eskola Probintzialean egin zituen ikasketak, pianoan espezializatuta. Eta euskal musikarekin kontaktuan jarri zenetik, Euskal Herriko bertoko tresna anitz jotzen ikasteko aukera izan du, tartean, txirula, txalaparta, panderoa, alboka, atabala eta danbolina. Baina txistua da bere tresna kutunena: “harreman berezia oso daukat txistuarekin, beste tresnekin ez dudana. Jotzen hasten naizenean nire gorputzeko atal bihurtzen da”, aitortzen du musikari gazteak.
“Musika bidaia bat egin ahal izango banu lekuak eta herriak lotuz euskal musikaren bidez… hori da nire ametsetako bat. Txistua jotzea benetan maite dut eta euskal musika irakatsi eta zabaltzea ere bai. Baina honelakoak egiteko dirulaguntzaren baten babesa behar da”, bururatzen du solasaldia Valeriak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus