Tandil, Argentina. Valeria Aramburu euskara irakaslea da Tandilgo Gure Etxean eta Literatura irakaslea hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe batean. Hala ere, pandemiagatiko itxialdia hasi zenean, Itziar eta Begoña alabekin batera eta Belen Urruty lagunarekin kandela usaintsuak, bainu-gatzak eta arropa lurrintzeko poltsatxoak hasi zen sortzen helburu eder batekin: “konfinamenduan, aromaterapiaren bidez, gure lekuak orekatzea eta konfinamenduari berari zentzu positiboa aurkitzea”.
Zergatik ‘Sorgiñak’ izena? Valeriaren azalpenean, “hitza euskaratik dator, sor(tu) eta (e)gin-etik; eta izen hori ematen zitzaien garai batean erditzen laguntzen zuten emakumeei. Denboraren poderioz, eta sendabelarrez baliaturik hainbat gaitz sendatzen zituztenez, jendea hasi zen sinesten emakume horiek naturaz gaindiko botereak zeuzkatela eta honela izenaren esanahia ere aldatu egin zen”. Mende batzuk eta gero, Valeriak eta bere lan-taldeak heien pausoak jarraitzen dituzte “sasi guztien gainetik naturak sendatzeko duen ahalmena” aintzat hartuz.
‘Sorgiñak’ ekimenak honako produktuak eskaintzen ditu egun: soja-argizariz egindako kandela usaintsuak; Pampako larretako eta mundu osoko belarrekin egindako bainu-gatza usaintsuak, eta arropa lurrintzeko eta zaintzeko poltsatxoak. “Elaborazio prozesuan ingurumena zaintzeko paradigmari segituz, beti”, azaltzen dute neskek.
Produktuak sare sozialetan daude ikusgai eta salgai. Are gehiago, sareetan euskal mitologiari buruzko narrazio bana argitaratzen dute astero Tandilgo “sorginek” Pirinioetako kontakizunak ezagutarazi eta hedatzeko asmoz. Facebook-en, velas.sorginiak; Instagram-en, velas.sorginiak.