euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valentziar Erkidegoko HEOetako eta Euskal Etxeko euskara Ikasleen lehenengo Topaketa larunbatean Laurak Bat EEan

2022/11/22

Larunbat honetarako gonbitea Valentziar Erkidegoko euskara ikasleentzat hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxean
Larunbat honetarako gonbitea Valentziar Erkidegoko euskara ikasleentzat hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Valentzia, Espainia. Hitzordu berezia luzatu zaie euskara ikasleei datorren larunbaterako, azaroaren 26rako, Valentziar Erkidegoan. Hizkuntza Eskola Ofizialetako (HEO) irakasleak eta Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea antolatzaile, Valentziar Erkidegoko Euskara Ikasleen Lehenengo Topaketa egingo dute, aukera paregabea Castelló, Alacant eta Valentziako HEOetan eta Euskal Etxean bertan euskara ikasten ari direnek elkar ezagut dezaten. Aurreneko esperientzia honetan 40 bat ikaslek parte hartzea espero dute eta arrakasta izatekotan ekimena urtero errepika liteke.

Topaketa Euskaraldiaren baitan egingo da. Eguerdi eta erdietan ikasleak Valentziako Laurak Bat Euskal Etxean elkartuko dira eta herri kiroletan arituko dira. Ondoren irakasleek prestatutako euskarazko dinamikak gauzatuko dira, hizkuntza elkar ezagutuz praktikatzeko. Arratsaldeko ordu bietan pintxo-poteari egingo zaio lekua eta jarraian karaokea eta euskal dantza tailerra etorriko dira. Proposamen guztiak ludikoak dira, euskara medio ondo pasatzea eta jende berria ezagutzea helburu. Ber denboran esperientzia biziko dutenak animatu nahi dituzte datorren urteko maiatz amaieran antolatuko duten barnetegian parte hartzera.

Ekimeneko arduradunak euskara irakasleak dira: Castelló-ko HEOeko Othman Kortazar; Valentziako HEOeko Garikoitz Knörr eta Gemma Sangines; Alacanteko HEOeko Izaskun Kortazar eta Valentziako Euskal Etxeko David Gonzalez eta Leire Garcia irakasleak. Izaskun Kortazarrek Euskalkultura.eus-i azaldu dionez, topaketa egiteko ideia pandemia aurrekoa da, eta pozik daude azkenean egin ahal izan dutelako. Izan ere, diosku, baliagarria da oso, euskara edo beste edozein hizkuntza ikasten ari diren pertsonentzat, ikasketa prozesu hori beste batzuekin modu dibertigarri eta erlaxatu batean partekatu ahal izatea.

Aurrera Valentziako lagunok!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia