Valentzia, Espainia. Aste honetan nazioarte mailan 'LGTBIfobiaren aurkako Eguna' ospatzen dela eta, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak bat egin du sexu orientazio edo genero identitateagatiko bazterkeria eta gorrotoa salatzeko ekitaldiekin eta karia horretara solasaldi bat eta senidetasun afaria antolatu ditu ostiral honetan, maiatzaren 19an, "Aniztasun afektibo-sexualari eta genero aniztasunari buruzko hitzaldia eta anaitasun afaria" izenpean. Hitzordua 19:00etan finkatu da Valentziako Peu de la Creu 8an.
"Gorrotoaren aurrean: maitasuna, errespetua, askatasuna eta aniztasuna. Eskubide guztiak guztientzat!", euskaraz (sic), edo katalanez "Lliures per a estimar, lliures per a viure!" leloekin zabaldu da ekitaldiotarako gonbitea, Laurak Bat Euskal Etxea antolatzaile, eta laguntzaile Lambda (Collectiu LGTB+ per la diversitat sexual de génere y familiar) eta Generalitate valentziarra.
Ekainaren 4an, 'Xake + Mus Eguna'
Oinarrizko giza eskubideen alde aktibo hitzemanda dabil Laurak Bat Euskal Etxea, baina oro har gogotsu eta proposamen ugari eskaintzen bere bazkideei eta oro har gizarte valentziarrari. Ondoko ekitaldia,esaterako, ekainaren 4an, "Xake + Mus Eguna"ren edizio berri bat izango da, bazkide eta lagunei xakearen inguruko eskola eta praktika moduko egunpasa bat proposatuz, 'anaitasun afari' batekin amaituta. Baina oroitu duela bi aste euskara barnetegia antolatu zuela Sinarcas/Sinarques-en, apirilaren 30ean bat egin zuela bere ekitaldi propioarekin Baigorrin ospatzen ari ziren Nafarroaren Egunarekin, hilabete hasieran "Taloak egiteko tailerra" egin zuela, euskaraz edo egun batzuk lehenago lankide izan zela Menditour mendi-zinema erakustaldia antolatzen Canet d'en Berenguerren, besteak beste.
Zorionak hain aktibitate ugari, anitza eta emankorragatik!
Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea
Peu de la Creu 8, 46001 València
-Telefonoa: 963919026
-Emaila: cvasconavarro@yahoo.es
-Webgunea: https://euskaletxeavalencia.com
-Facebook: www.facebook.com/euskaletxeavalencia
-Twitter: https://twitter.com/Laurakbat1