Valentziako Hiria. Valentziako Euskal Etxeak alkartasuna eskertu eta bat egin du ohar baten bidez tanta hotzaren biktima izan diren herritar eta kaltetu guztiekin. Ezbeharra gertatu zen lehenengo unetik hamaika dei, mezu eta galdegite izan dituzte egoeraz interesatuz eta laguntza eskainiz gainerako euskal etxe eta elkarteetatik, zuzenean Euskal Herririk, agintarien zein herritarren aldetik, alkartasunez, eskaintzez eta bat eginez hain egoera tupusteko, gogor eta suntsitzailea jasan ondoren.
"Oharrean hitzez hitz diote: Oso zaila egiten zaigu egun hauetan sentitzen ari garen guztia idatziz jartzea, baina gure elkartasuna adierazi nahi diegu hondamendi honen biktima eta kaltetu guztiei. Arima hausten zaigu hainbeste heriotza eta hainbesteko sufrimendua eta suntsipena ikusita. Pena amaigabea sentitzen dugu bizia galdu dutenen, senideen eta kideen aurrean. Tristurak gainezka egiten du gure bihotzetan, oinazea biziz. Uraren indarrak hainbeste gauza kendu dizkigu..."
Euskal Etxearen oharra elkartearen webgunean, euskaraz eta valentzieraz
"Haserre gaude, halaber, hainbeste bizitza salba zitzakeen aurreikuspen ezaren eta abisurik ezaren aurrean. Suminduta gaude Mazonen eta Generalitatearen kudeaketa negargarriarekin eta Espainiako Gobernuaren babesik ezarekin, beren negozioa pertsonen segurtasunaren gainetik lehenetsi zuten enpresariekin, klimaren eta ingurumenaren suntsiketarekin, amildegira baikaramatza… Amorrua sentitzen dugu lokatzetan eta hondamenaren ondorioetan murgilduta bizitzen jarraitzen duten milaka eta milaka lagunek jasandako abandonuagatik".
"Baina, era berean, maitasuna, amultsutasuna eta errespetu osoa sentitzen dugu erakundeen utzikeria eta hutsunea betetzera kalera ateratzeko zalantzarik izan ez duten pertsona kontaezinekiko. Harro gaude gure Euskal Etxea Valentzian egoteaz, laguntza desinteresatua eta elkartasun kolektiboa suharki emateko prest agertu den hiri honetan. Herriaren autoantolaketa eta elkarrekiko babesa ez dira hitz hutsak, egunez egun erakusten ari gara soilik herriak salba dezakeela herria, eta denon artean dena egin dezakegula".
Oharra kaltetuak izan diren Euskal Etxeko bazkideak oro gogoan atxikiz eta besarkada beroa helaraziz amaitzen da, "Eutsi Valentzia" eta "Soilik herriak salba dezake herria!" esaldiekin.