euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valentziako Diasporako Gutunen lehiaketa irabazi dute Argentinako Delia Beatriz Etchegarayk eta Uruguaiko Andrea Bellak

2015/02/06

Gutun saridunak irakurri zituzten Laurak Bat Euskal Etxean egin zen Literatur Gauan (argazkia Euskaltzaleok EE)
Gutun saridunak irakurri zituzten Laurak Bat Euskal Etxean egin zen Literatur Gauan (argazkia Euskaltzaleok EE)

PUBLIZITATEA

Ameriketara joan dira aurten Valentziko Euskaltzaleok eta Laurak Bat euskal etxeek antolatu duten Diaspora Gutunen Lehiaketaren sariak, eta meritua ez da makala, kontuan izanda lehiaketa euskara hutsean zela. Bigarren edizioa izan da aurtengoa eta atzerriko parte hartzea handia izan dela diote antolatzaileek. Saridunak honakoak izan dira: euskara ikasleen atalean Argentinako Delia Beatriz Etchegaray, eta euskaldunen kategorian Uruguaiko Andrea Bella. Zorionak bioi!

Valentzia, Espainia. Valentziako Euskaltzaleok eta Laurak Bat elkarteek iragan urtarrilaren 30ean eman zituzten aditzera Diasporako Gutunen lehiaketaren irabazleen izenak, egun horretan egin zuten Literatur Galaren baitan. Laurak Bat elkartearen egoitzan egin zen ekitaldia, eta bertan irabazleen gutunak irakurri zituzten (erderara itzuli ere, euskerarik ez zekitenentzako).

Epaile lanetan aritu zen Garikoitz Knörr filologo eta euskal gaietan aditua, eta pozik ziren antolatzaileak aurten lehiaketan nazioarteko partehartzaile mordoxka izan delako. Are gehiago, irabazleak Ameriketakoak izan dira, bi kategoriatan: ikasleak eta euskaldunak.

Ikasleen atalean saria Argentinara joan da; zehazki, Rio Negroko Delia Beatriz Etchegarayrengana. "Eraztuna" gutuna aurkeztu zuen berak. Euskaldunen atalean Andrea Bella montevideoarra izan da irabazle. Andrea euskera ikaslea izan da Euskara Munduan programarekin (HABE eta euskal etxeak) eta gaur egun euskara irakasle da. Berak "Ene alaba maitea" gutuna aurkeztu zuen. Andreak Uruguaiko euskal komunitatearen berri ematen du, euskaraz, "Uruguaiko azken berriak" blogean. Irabazleek liburu sorta bana jasoko dute etxean datozen egunetan.

Literatur gala amaitzeko, pintxo dastaketa egin zen Laurak Bat euskal etxean eta ondoren, antolatzaileek gomitea luzatu zieten bertara bildu zirenei Valentziako hurrengo hitzordu euskaltzalean parte hartzeko: martxoaren 28an egingo den Korrikaren aldeko festa. Ez zuten egitarauaren berri eman, baina jarduera ugari eta sorpresak ere izango direla iragarri zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia