euskal diaspora eta kultura
2014/06/27
PUBLIZITATEA
Posadas, Argentina. “Euskaldunen Argentina” erakusketaren inaugurazioa joan den ekainaren 23an gauzatu zen Posadasen. Euskal etxeko gazteek izan zuten ekitaldia irekitzeko ardura eta dantzatuz egin zuten. Euskal Jatorriren ordezkariez gain, probintziako gobernadoreorde Hugo Passalacquak, Lilian Marchesini diputatuak, eta Silvia Clermont Aliantza Frantsesekon presidenteak ere hartu zuten parte zeremonian.
[Inaugurazioan hitz egin zutenak: ezkerretik eskuinera: Marta Sarasola euskal etxeko lehendakaria; Hugo Passalacqua, Lilian Marchesini eta Silvia Clermont (argazkia EE)]
[Euskal Jatorri euskal etxeko kideak "Euskaldunen Argentina" erakusketaren inaugurazioan (fotoEE)]
Euskal etxetik jakinarazi digutenez, erakusketa ez da uztailean eskainiko den erakargarri bakarra. Izan ere, ekintza ugari burutuko dira aukera baliatu eta Euskal Herriaren kultura gero eta jende gehiagorengana iriste aldera. Aktibitate guztiak ‘Salón de las Dos Constituciones’ delakoan burutuko dira, euskal etxea, Aliantza Frantsesa, Ekologia Ministerioa eta Ordezkarien Ganbara babesle. Hona ekintzen programa:
-Uztailaren 4an, 20etan, Nestor
Basterretxearen eta Fernando Larruquert-en Ama
Lur dokumentala
-Uztailaren 7an, 20etan, Laura Nobileren
genealogiari buruzko "Semeak ahantzi nahi duena bilobak nahi du
gogoratu" hitzaldia, FEVAren kultur eskaintza barruan
-Uztailaren 11an, 20etan, Julio Medem-en
Behiak pelikularen proiekzioa
-Uztailaren 14an, 20etan, “50 urte Charles
de Gaulle Argentinara iritsi zenetik” hitzaldia, Miguel de Leon irakaslea
hizlari
-Uztailaren 18an, 20etan, Montxo
Armendarizen Tasio filma
-Uztailaren 21ean, 20etan, Cesar
Arrondoren “Euskal Herria: Nazio baten historia laburra”, FEVAren kultur eskaintzako parte
-Uztailaren 25ean, 20etan, Fernando
Bernues eta Mireia Gabilondoren Kutsidazu
bidea, Ixabel luzemetraia
Gogora dezagun “Euskaldunen Argentina” erakusketa ibiltariak hamabi panel dituela eta irudi, testu, bideo eta audioduna dela. 2005ean inauguratu zen lehen aldiz Baxenabarreko Irisarri herrian, Ospitalea etxean. Oraingoa, ibiltari ibiltzeko bertsioa da. Erakusketaren helburua, “XIX. eta XX. mendetan argentinaratu ziren euskaldunei, eta zehatzago Iparraldeko euskaldunei buruzko lekukotasunak eta ikuspuntuak ematea da”. Erakusketa osatzea honako erakunde eta pertsonen arteko lana izan zen: Ospitalea (Pirineo Atlantiarretako Kontseilu Generalaren Ondare Hezkuntza Zentroa, Irisarrin), Euskal Kultur Erakundea, Euskal Argentina elkartea, Donapaleuko Baxe Nafarroako Erakustokia eta Kepa Etchandy argazkilaria, baita EuskalKultura.com-ere.
Euskal etxearen beste ekintza batzuk
Uztailean eta erakusketarekin batera burutuko diren aktibitateak, euskal etxean garatzen ari den egitarau zabalaren zati bat baino ez dira. Mugimendu handiko egunak ekainean hasi ziren, eta hor behar da aipatu ekainaren 8ko bazkaria, non Euskal Herrian egin zen egun berean, Posadasen ere osatu zen Gure Esku Dago-ren Giza Katea. Topaketa hiriko Pirá Pytá Klubean izan zen, eta euskal etxeko kide eta lagun ugarik hartu zuten parte.
[Posadaseko Gure Esku Dago Giza Katea (argazkiaEE)]
Elkarretaratzea gauzatzeko, Rene Bergarak eta Gabriel Alzarriak prestatu zituzten tripakiak Bizkaiko erara eta Nafarroako Babarrunak. Antolatzaileek Alba, Mariela, Violeta eta Maria Ester kideen lana ere goraipatu nahi dute. Bazkalostean, zozketak eta truku txapelketa egin ziren.
Azkenik, Euskal Jatorri euskal etxeak gonbidapena luzatzen du, aurtengo euskal zine zikloaren azken pelikula ikusteko hain zuzen. Zikloa ekainaren 2an hasi zen eta datorren astelehenean bukatuko da, Aizpea Goenagaren Sukalde kontuak pelikularekin. Hitzordua ekainaren 30ean da, iluntzeko 8:30etan, ‘Biblioteca Popular Posadas’ Liburutegian, sarrera libre eta doakoa da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus