Euskaldunen hizkuntzaren historia, gaur egungo egoera eta batez ere bere presentzia Argentinan azaltzen duten hemeretzi panelek osatzen dute erakusketa. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzatik gomendatzen diete euskal erakundeei erakustaldia euren egoitzetatik kanpo antolatzea ahalik eta jende gehiagorengana iritsi ahal izateko.
Buenos Aires, Argentina. HABE eta FEVAren laguntzarekin Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak prestatutako ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltaria uztailaren erdialdean jarriko da abian, Argentinako hainbat herri bisitatzeko.
Ibilbide osoa oraindik ez dago zehaztuta eta euskal etxeek eskatu ahala osatuko du Ordezkaritzak; hala ere, eta Sara Pagolak Euskalkultura.com-i azaldu dion legez, bi geltoki badaude baieztatuta jadanik: Macachin, bertan Euskal Aste Nazionalean erakutsiko baita materiala, urriaren 26tik eta azaroaren 1aren bitartean; eta Buenos Aires, azaroaren bigarren hamabostaldian eta abenduaren lehenengo astean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Liburutegi Nazionalean eta Liburuaren Museoan Ordezkaritzak antolatuko dituen ekitaldietan. Bi datu hauek kontuan hartuz, uztailaren erditik abuztuaren amaierara arte egongo da eskuragai erakusketa eskatu nahi duten euskal etxeentzat.
Halaber, Ordezkaritzatik eskatzen diete eskualde bakoitzeko euskal etxeei koordinatzeko, nolabaiteko ‘bira erregionalak’ egin ahal izateko materialarekin.
‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa jasotzeko baldintzei dagokienez, erakus-gunea egokia izan beharko da 0.90 x 1.90 neurriko hemeretzi banner sartzeko. Horretaz gain, eta jende ugari bildu ahal izateko, leku publikoetan muntatzea gomendatzen da. “Xedea da publiko orokorrarengana heltzea baina baita eskola eta hezkuntza erakundetara ere; are gehiago, material osagarria ere emango diegu euskal etxeei, tartean ikus entzunezko materiala eta esku paperak, informazio gehiago izateko”, azaldu dute Ordezkaritzatik.
Gogora dezagun, euskararen egoera azaltzen duen eta euskaldunen hizkuntza Argentinan nola garatu den kontatzen duen erakusketa Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurren programako parte dela. Informazio gehiago jasotzeko edota erakusketa eskatzeko, Mariana Satosteguirekin jarri behar da kontaktuan, marianasatostegui@euskadi.eus.