euskal diaspora eta kultura
2013/07/11
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires hiriko Udalak gonbidaturik, euskal kolektibitateak bere lekua izan zuen Uztailaren 9an Gizataldeen Pasealekuaren inaugurazioan. Festak helburu bikoitza izan zuen: Independentziaren 197. urteurrena ospatzea, aldi berean hirian dagoen aniztasun kulturala gailenduz. Kari horretara, Argentinakoaren ondoan, bestelako bandera ugari ikusi ahal izan zen Caballito auzoko Donato Alvarez eta Bacacay kaleetan dagoen eremuan.
[Arropa tradizionalez jantzita, Ekin Dantzari Taldeak eskaini zuen programako lehenengo dantza (argazkia Euskaltzaleak)]
Euskal kolektibitateari dagokionez, hiru euskal etxek hartu zuten Euskal Herria ordezkatzeko ardura eta eginkizun hori betetzeko, ikurrinak ezezik, musika eta dantzak ere ekarri zituzten ekitaldira. Bere zuzendari Aitor Alavaren eskutik, Ekin Dantzari Taldeak eman zion hasiera ikuskizunari Zuberoako 'Branle Kontrapas' dantzarekin. Eta Lizarraenea-ko kideez gain, Euskaltzaleak eta Laurak Bat erakundeetako lagunek ere hartu zuten parte ekitaldian. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Argentina-Mercosur-erako Euskadiren Ordezkari Sara Pagola bertaratu zen Gizataldeen Pasealekuaren inauguraziora.
[Euria gorabehera, abesti tradizionalak kantatu zituzten Buenos Aireseko euskaltzaleek trikixa eta panderoa eskuetan (argazkia Euskaltzaleak)]
Ekitaldien protokolo zarian, Hiriko Poliziaren musika bandak Argentinako Ereserkia jo zuen eta alkate Mauricio Macri-k hitz batzuk zuzendu zituen. Zeremoniarekin bukatzeko oroigarria desestali eta puxika mordo bat askatu zen.
‘Esnezaleen Patio’ historikoa
Gizataldeen Pasealekua euskaldunentzat bereziki esanguratsua den leku batean eraiki da. Gogoan behar da hartu Argentinan eta batez ere Buenos Aires probintzian euskaldunak esnezalearen figurarekin lotu izan direla. XX. mendearen hasieran, barrualdeko herrietako esnea trenez iristen zen hiriburura, Caballito auzoko ‘Esnezaleen Patiora’ eta bertatik etxez etxe banatzen eta saltzen zen. Orain, leku hori Gizataldeen Pasealeku bihurtuta, etorkinen ondorengoen eta gaur egun etorkinen ekarpena ospatzen dutenen bilgune izango da. Kolektibitateen festak bertan antolatuko dira, hilabete bakoitzeko lehenengo igandean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus