euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko Cineteca Nacional-ek Euskal Zinema Ziklo bat eskainiko du bere egoitzan uztailaren 16tik 26ra

2009/07/09

Euskal Zinemari eskainitako zikloaren afixa
Euskal Zinemari eskainitako zikloaren afixa

PUBLIZITATEA

Cineteca de Mexico erakunde publikoa lankide izango da horretarako Euskadiko Filmategiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Ordezkaritzarekin. Inaugurazio ekitaldia datorren ostegunean egingo da, 'Oreka TX' film-dokumentala eskainiz eta Mikel Arregi Euskal Filmategiko zuzendaria propio bidaiatuko da Euskal Herritik. Hamar egunetan zehar titulu historikoak zein berriak proiektatuko dira, besteak beste, 'Segoviako ihesa', 'Karramarroaren uhartea', 'Todo por la pasta' eta 'Frío sol de invierno' luzemetraiak. Inaugurazio eguneko proiekzioa doan izango da gerturatu nahi duten guztientzat.

Mexiko Hiria, Mexiko. Euskal zinemak Atlantikoa zeharkatuko du beste behin Mexiko Hiriraino iritsiz bertako Cineteca Nacional-ek uztailaren 16tik aurrera eskainiko dion zikloa tarteko. Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Ordezkaritzarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatu du Mexikoko Cineteca-k. Zikloa Raul de la Fuente zuzendariaren 'Nomadak TX' film-dokumentalaren proiekzioarekin inauguratuko da datorren ostegunean. Lehen egun honetan ekitaldi berezia egingo da eta bertan izango da, besteak beste, Mikel Arregi Euskadiko Filmategiko zuzendaria.

Besteak beste ikusiko ahal izango dira 'Segoviako ihesa', 'Karramarroaren uhartea', 'Todo por la pasta', 'Akelarre', 'El invierno en Lisboa', 'Frío sol de invierno', 'Zeru Horiek', 'Mi querida Bamako' eta 'Lucio'. Kasu batzuetan 80ko hamarkadan egindako lanak dira, hala nola 'Segoviako ihesa' eta 'Akelarre'ren kasuan, eta garrantzia berezia dute euskal zinemagintzaren historian. Horiekin batera film berriak ere aurkeztuko dira. Luzemetraiak publiko zabalarentzat dira eta hauen gaiak era askotarikoak.

Inaugurazio eguneko lanari dagokionez, 'Nomadak  TX' filmak Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez musikariak eta euren txalaparta hartzen ditu ardatz. Bi perkusionistek txalaparta kultura arteko topagune eta lokarri ipiniko dute eta ideia horrek bultzatuta India, Mongolia eta Saharara abiatuko dira. Musikariak benetako soinuaren bila ibiliko dira batetik bestera, kultura askotako jende eta herriak ezagutuz, eta hauekin musika doinuak trukatzen. Dokumentalak musikarien bidaia erakusten du. Lanak arrakasta handia izan du 2007an estreinatu zenetik. Besteak beste, Amsterdamgo Nazioarteko Dokumental Zinemaldian bigarren saria jaso zuen eta Film Musikal Onenarena Silverdocs Washingtongo zinemaldian.

Euskal Zinema Zikloko egitaraua

-Uztailak 16, 'Nómadas TX'
-Uztailak 17, 'La fuga de Segovia'
-Uztailak 18, 'La isla del cangrejo' (matiné), arratsaldean 'Akelarre'
-Uztailak 19, 'La isla del cangrejo' (matiné), arratsaldean 'Todo por la pasta'
-Uztailak 21, 'El invierno en Lisboa'
-Uztailak 22, 'Frío sol de invierno'
-Uztailak 23, 'Zeru horiek'
-Uztailak 24, 'Mi querida Bamako'
-Uztailak 25, 'La isla del cangrejo' (matiné)
-Uztailak 26, 'La isla del cangrejo' (matiné)

Proiekzioak Cineteca Nacional-eko 4. aretoan egingo dira 19:00etan eta 21:00etan. Inaugurazio egunean sarrera doan izango da eta hurrengoetan, ohi bezala, $40.00 pesotan salduko dira txartelak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia