‘Amalur’ Euskal Jatetxea sukaldaritza proiektu bat baino gehiago izango da: euskal kulturaren adierazpen ugari ‘dastatu’ ahal izango dituzte Buenos Airesko Laurak Baten egoitzara bertaratzen diren bezeroek. Sukaldeko izarrak, ordea, arrainak eta itsaskiak izango dira. “Eta Buenos Airesko patata tortilarik onena ere eskainiko dugu” adierazi dio EuskalKultura.com-i ‘Amalur’ jatetxeko arduraduna den Shanti Aboitizek.
Buenos Aires, Argentina. Laurak Bat Euskal Etxeak eta Shanti Aboitizek martxoan sinatutako tratuari esker irekiko du ‘Amalur’ jatetxea, Buenos Airesen Lekeitio Tabernaren jabea ere baden Aboitz chefak. ‘Amalur’ Laurak Bateko beheko solairuan egongo da, Euskal Etxeak horretarako daukan lokalean, eta nahiz eta arduradun berriak aldaketa eta berritze lan anitz egin, betiko izpiritua mantenduko du. Shanti Aboitizek berak azaldu digunez, “bi alde izango ditu jatetxeak: barra eta jangela. Barran pintxoak eta edariak zerbitzatuko ditugu eta baita afariak ere, baina era informalago batean. Jangelan, hau da, Gernikako Arbolaren kimuaren atzeko aretoan, bazkaria eta afaria zerbitzatuko ditugu, mahaietan, nolabait esatearren, estilo formalago batekin”.
Menuari dagokionez, eta pintxoez gain, euskal sukaldaritzako ohiko platerak eskainiko dira ‘Amalur’en, hau da, arraina, itsaskiak, arrozak… “Eta Buenos Aireseko patata tortilarik onena gurea izango da”, aurreratzen digu chefak, batere zalantzarik erakutsi gabe. Etxeko berezitasun hauez gain, euskal giroaz gozatu ahal izango dira. Zuhaitzaren inguruan, euskal musika eta dantza ikuskizunek osatuko dute Aboitizen proposamena.
Inaugurazioa
Erritmo bizian ari da lanean egun hauetan sukaldaria jatetxearen ateak ahalik eta lasterren ireki ahal izateko. Eta data zehatza oraindik egon ez arren, uztailaren 10etik aurrera irekita egongo dela adierazi digu ‘Amalur’en arduradunak. Hori baino lehen, hala ere, Laurak Bat-eko bazkideentzako inaugurazio bat egongo da uztailaren lehenengo egunetan, esan digu.
‘Amalur’ jatetxea astelehenetik larunbatera egongo da irekita. Astelehen eta asteartetan eguerditik iluntzeko 8ak arte; eta asteazkenetik larunbatera, eguerditik gauerdiraino. Euskal jatetxe berria Belgrano etorbideko 1144. zenbakian dago. Facebooken, Amalur kontuan.