euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uztail eta abuztu oparoak Necocheako euskal etxean, Hator Hona eta Silvia Iriondoren kontzertua barne

2014/07/15

2013an Necochean San Inazio Eguna ospatzeko egindako Iratzartze Alaia (argazkiaEE)
2013an Necochean San Inazio Eguna ospatzeko egindako Iratzartze Alaia (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Aktibitate ugariko programa garatuko du Necocheako Euzko Etxeak bi hilabete hauetan. Batetik, erakundean tradizio handia duten San Inazio Jaia eta Aiton-amonen omenezko topaketa egingo dira euskal etxearen egoitzan; bestetik, euskal jatorrizko Silvia Iriondo kantariak kontzertu bat eskainiko du uztailaren 26an Almodo Bar tabernan. Ekintzak komunitateari begira egingo dira, ostiral honetan argentinaratuko diren Hator Hona programako kideak lagun.

Necochea, Argentina. Mugimendu handiko egunek ostiral honetan, uztailaren 18an, 2014ko Hator Hona programako kideen iristea izango dute puntu berezi. Hiru astetan zehar, Eyuskal Herritik iritsitako gazte taldeak musika, hizkuntza, sukaldaritza eta kirol tailerrak eskainiko ditu Euzko Etxea-n. Itsasoaren europar aldeko bisitariak, oroituko dugu, hauek izango dira: Beñat Konde Untzilla (Elgoibar), Eñaut Arretxe Agirre (Segura), Itxaso Saenz de Lafuente Gonzalez de Mendivil (Gasteiz), Izaro Intsausti (Ordizia), Nekane Agirre Saldias (Sunbilla), Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun), Uxue Etxebeste Eizagirre (Alkiza), Xabier Maritxalar Errandonea (Lesaka) eta Xabier Urtasun Eraso (Irurita).

Eskolak emateaz gain, gazteek, hiru aste huetan, euskal etxeak antolatuko dituen beste hainbat ekitalditan ere hartuko dute parte, tartean uztailaren 31an ospatuko den San Inazio jaian. Inazio Deunaren egunean, honako ekintzak egingo dira:

-08hs, “Iratzartze Alaia” (Alegre Despertar)
-11hs, agintarien agurrak
-11:30hs, Mariano Necochea jenerali eta On Angel Murgari eskaintzak
-12hs, Omenaldia Gernikako Arbolaren Kimuan
-12:30hs, Txikiteo euskal etxean
-19hs, Meza Santa Maria del Carmen Parrokian

Bigarren seihilekoaren agenda joan den uztailaren 8an hasi da, San Fermin (uztailaren 7a) eta Argentinako Independentzia eguneko (uztailaren 9a) jaiak elkarrekin ospatzean. Txikiteoa egin zen euskal etxeko Txoko Txiki izeneko aretoan izan zen eta lagun ugari bildu zituen.

Baina San Inazio omenezko programa honek izan zuen aurrekaririk egun batzuk lehenago, ekainaren 27 eta 28an probintzia mailako Pilota Lehiaketa jokatu baitzen euskal etxean, egitarau beraren baitan. Eta kirolekin jarraitzeko, Saski-baloi txapelketa bat ere egingo da, baina kasu honetan data oraindik ez da zehaztu.

Abuztuan

Abuztuko proposamenei dagokienez, hilaren 1ean Jon Maiaren Gazta Zati Bat dokumentala proiektatuko da. Biharamunean, berriz, San Inazio dantzaldia egingo da eta, 8an, Aiton-amonen omenezko topaketa. Etxeko gazte eta txikiek txokolate beroa, tartak eta euskal dantzak oparituko dizkiete etxeko edadekoei. Egun berean, baina gaueko 10etan, Andra Mari Zuriaren eguna ospatuko dute necocheatarrek baratxuri-zopa prestatuz

Bi hilabete hauetako jaien egitaraua ixteko, abuztuaren 16an dantza emanaldia eta erromeria antolatuko ditu Euzko Etxeak. Gaueko protagonistak Gazte Alai dantza taldeko kideak –txikiak, ertainak eta helduak– izango dira eta urtean ikasitakoa taularatuko dute Hator Hona-ko kideak lagun. Tabernan txistorra, solomoa eta ogitartekoak prestatuko dira dastatzeko.

Bukatzeko, euskal jatorrizko Silvia Iriondo kantari argentinarraren kontzertura gonbidatzen du euskal etxeak. Errezitala uztailaren 26an izango da, Almodo Bar tabernan, 59 etorbidean, 62. eta 64.en artean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia