Rosario, Argentina. Nafarroako gobernuburu Uxue Barkosek, asteburuan zehar Argentinako Nafar Etxeek Rosarion egindako Topaketan partaide bukatu du bere lehenengo bisita ofiziala herrialde hegoamerikarrera. Rosario bertako Nafar Etxeak antolatutako programari esker, aukera paregabea izan zuen gizatalde nafar-argentinarrak egiten duen lana ezagutzeko, besteak beste dantza, musika eta pilota erakustaldien lekuko izanik. “Benetako plazer”tzat jo zuen Barkosek ikusitakoa, “pertsona zoragarriak ezagutu ditut, eta oroimenean irudi, emozio eta adiskidetasun ahaztezinak geratu zaizkit” adierazi zuen.
[Nafar dantzak Rosarioko kaleetan]
Rosarioko egonaldia ez zen mugatu, ordea, gizatalde topaketara. Hiriko Monica Fein alkateak errezibitu eta 'bisitari ospetsu' izendapena eman zion nafar lehendakariari. Bilkuren alorrean, Barkosek eta berarekin batera zihoan ordezkaritzak Espainiako Kontsulatu Nagusia bisitatu eta Alfonso Palazon kontsula agurtu zuten, eta Santa Fe Probintziako Miguel Lifschitz gobernadorearekin ere bildu eta elkarrizketatu ziren.
Buenos Airesen
Rosariora abiatu aurretik eta Argentinako hiriburuan eman zuen bigarren egunean, Barkosek Nafarroaren garapen ekonomikoa eta Nafarroak energia berriztagarrien arloan duen berebiziko kokapen aurkeztu zituen Merkataritza Burtsan. Ekitaldian, presidenteaz gain, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia Izaskun Goñi mintzatu zitzien bildutakoei.
Euskal kolektibitatearen harrera
Abenduaren 6an, euskal etxeak berak egindako gonbite bati erantzunez, Buenos Airesko Laurak Bat ere bisitatu zuen Barkos lehendakariak, bere bazkideen artean ehuneko hogeitabosta nafar jatorrikoa duen erakundea. Euskal Etxea ezagutu eta egin zioten harreran parte harturik, erakundeko eta FEVAko batzordeetako lagunekin bildu zen. Rosarioko ere euskal gizataldearekin ere elkartu zen. Hiriko Zazpirak Bat-eko nafar jatorriko kide batzuk elkartea aurkeztu eta opari bat eskuratu zioten.
Argazki eta bideo gehiago, Centro Navarro de Rosario-n.