euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uxue Alberdik bere eleberri 'Jenisjoplin' aurkeztuko du Guadalajaran eta Mexiko Hirian gaurtik aste osoan zehar

2021/11/29

Uxue Alberdik zenbait ekitalditan hartuko du parte aste honetan Guadalajaran eta Mexiko Hirian
Uxue Alberdik zenbait ekitalditan hartuko du parte aste honetan Guadalajaran eta Mexiko Hirian

PUBLIZITATEA

Guadalajara, Mexiko. Mexikon da Uxue Alberdi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) idazle eta bertsolaria eta gaurtik aurrera aste osoan bere eleberri ‘Jenisjoplin’ aurkeztuko du Guadalajarako Feria Internacional del Libroko (FIL) programa ofizialean, eta hainbat ekitalditan hartuko du parte, bai azokan bertan, eta baita hitzordu horren harira Guadalajaran eta Mexiko Hirian egingo diren zenbait jardueratan ere. FIL Guadalajara Iberoamerikar literaturaren hitzordu nagusia da eta urtero ehundaka idazle eta milaka profesional eta irakurle biltzen ditu.


'Jenisjoplinen' gaztelaniazko edizioaren aurkezpen-bideoa, Uxue Alberdi beraren eskutik

Nazioarteko euskal kultura zabalkunde kontu askotan ohi denez, Etxepare Euskal Institutua lagun bertaratu da Uxue Alberdi, eta Institututik adierazi dutenez hauxe izango du bertako egitaraua, gaur bertan Guadalajaran hasita (zazpi orduko aldea dago Mexiko eta Euskal Herria artean) aste osoan zehar:

- Azaroaren 29an, 19:00 h. Librería Impronta, Guadalajara. Aurkezpena Julián Herbertekin solasean
- Azaroaren 30ean, 19:30 h. Librería Gandhi, Guadalajara. Liburuaren aurkezpena
- Abenduaren 1ean, 20:00 h. FIL. Salón F, Área Internacional. Literatura, música y rebeldía: una conversación con Uxue Alberdi (Literatura, musika eta errebeldia: Uxue Alberdirekin solasaldia)
- Abenduaren 2an, 20:00 h. FIL. Salón 7, Área Nacional. Los Lectores Presentan Jenisjoplin
- Abenduaren 3an, 18:00 h. Librería Volcana, Mexiko Hiria. Uxue Alberdi en diálogo con la escritora, editora y traductora Yael Weiss (Uxue Alberdi Yael Weiss idazle, editore eta itzultzailearekin elkarrizketan)

Jatorrizko bertsioan 2017an Susak argitaratuta, ´Jenisjoplin´ 2020an plazaratu zuen gaztelaniaz Consonni argitaletxeak eta banaketa dauka Mexikon. Eleberria identitate pertsonal eta kolektiboaren berrasmaketari buruzko kontakizuna da eta 2010. urtean, eraldaketa betean dagoen euskal testuinguru soziopolitikoan kokatzen da. Eleberriak harrera beroa jaso zuen irakurleen eta liburu-denden aldetik, eta oso kritika onak izan ditu. 2017an 111 Akademia Saria irabazi zuen.

Uxue Alberdi kontakizun, eleberri, saiakera, literatura-kronika eta haur literatura idatzi izan ditu. Euskadi Literatura Saria birritan jaso du, Haur eta Gazte Literaturan ´Besarkada´ lanagatik eta Saiakeran ´Kontrako eztarritik´ lanagatik. ‘Jenisjoplin’ eleberriak 111 Akademia Saria jaso zuen eta gaztelaniara eta ingelesera itzuli da. Gaur egun, literatura-tailerretako irakasle, iritzi-artikulugile, itzultzaile irakurle-taldeen gidari eta letragilea da. Besteak beste. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera, Bertso Eskola Feminista abiarazi zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia