Salt Lake City, AEB. Utah-ko Euskal Etxea izan da aurten NABO Udalekuren antolatzaile. Ia bi astetan, berrogeita bat neska-mutiko, herrialdeko hainbat euskal etxetatik etorriak izan dira 2016ko edizioko partaide, jolasa eta ikastea uztatu eta bateginik.
Klaseei dagokienez, dantza, euskara, txistua, kultura, musa... eskolak osatu dute egitarauaren alor hori, aurtengoan Gipuzkoa izan delarik ediziorako hautatutako probintzia. Baina eskolekin batera izan da jolasteko, txangoak egiteko, natura ezagutzeko, suaren inguruan gualdiak egiteko... eta hainbat momentu goxo eta oroigarriz gozatzeko aukera.
Udalekuren antolaketak ahalegin handia ekarri dio Utahko Euskal Etxeari, antolatzearekin batera haur partaideentzat eta kanpoko begiraleentzat lo egiteko lekua topatzea ez baita lan makala, batez ere euskal etxe txiki batentzat, gogoan hartu behar baita NABO Udalekun 81 haurrak euskal etxe anfitrioiko familien etxeetan egiten dutela lo. Hainbat jendek eskuzabaltasunek jokatu behar izan du eta hori eskertzekoa zaie Utahko Euskal Etxea osatzen dten familiei.
Begirale eta bolondresen taldeko koordinatzaile eta Udalekuko arduradun lanetan Catherine Flesher, Carina Barajas, Cirbie eta Cristina Sangroniz, Pilar Shortsleeve eta Marcel Gaztambide ibili dira. Begirale eta irakasle, berriz, (dantza) Jexux Larrea, (euskara) Sonia Castanon, (kultura) Lisa Corcostegui, (social media) Tina Almirantearena, (txistu eskolak) Pilar Sangroniz, Martin Almirantearena eta Irati del Río, eta (mus) Scott Berriochoa. Intendentzia eta sukalde-lanetan jo eta fuego, Jean Flesher, Tony Barajas, Danny Gaztambide, Nancy eta Pantxo Aguerre, Larry eta Peggy Osoro, eta Javier eta Trudy Guerricabeitia.
Udalekuko murala, berriz, Utah bertako artista batek, Euskal Etxeko kide den Carina Barajasek koordinatu du, Udalekuko gaztetxoak egile. Begiraleetako bi, Jexux Larrea eta Irati del Río Euskal Herritik etorri dira propio. Argentinarik, berriz, La Pampatik, Macachingo Euskal Etxetik, begirale laguntzaileetako bat, Manu Souto dantzaria. Baina lankidetza askoz zabalagoa izan da. Mila esker guztiei. Zerrenda luzeago bat Utah Basque Club-en Facebook taldean topa daiteke. Mila esker handi bat baita ere Udaleku egiteko tokia utzi duen St Vincent Eliza Katolikoari.
Hona Marcel Gaztambidek, egun Utahko Euskal Etxeko zuzendari denak eta bere garaian Udalekutik pasatutako haurra izan zenak Udalekuko partaideei zuzendutako lerro batzuk, Udalekuko izpiritua islaturik (ingelesetik itzulia):
"Segur naiz, gure udalekukide gazteok, hamaika aldiz esan izan dizuetela Udalekun egiten dituzuen lagunak bizitzan zehar lagun izango dituzuela, eta hemen egindako loturek hazten segituko dutela eta indartzen denboran zehar, eta egia da. Baina aldi berean espero dut Udalekuk kontura araziko zizuetela euskal familia handiko kide gisa elkarbanatzen lotura sakonaz. Herri zaharra gara eta salbuespena gauza zaharrak galdu eta ahazten direla dioen arauari. Gure izatea bera komunitateak duen boterearen erakusgarri da eta tradizioaren garrantziaz komunitate hori iraunarazteko. Espero dut Udalekuk zuengatik niregatik egin zuena egitea, harro egotea zeuon kulturaz eta harro egotea kultura horren hurrengo ataleko parte izateaz, oso istorio zahar eta eder batean".