euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utahko Euskal Etxeak euskal kutixiak saldu zituen Living Traditions jaialdian urtero bezala ipini duen standean

2007/05/31

Euskal standa 'Living Traditions' jaian eta bertan aritu ziren lagunetako batzuk (argazkia Utah BC)
Euskal standa 'Living Traditions' jaian eta bertan aritu ziren lagunetako batzuk (argazkia Utah BC)

PUBLIZITATEA

Utahko Euskal Etxeak parte hartu du beste urte batez Salt Lake City-ko (AEB) Living Traditions jaialdian. Ekitaldi jendetsu honek aukera ematen die Utahko estatuan biltzen diren komunitate ezberdinei euren kultura, folklorea eta gastronomia erakusteko, eta euskal komunitatearen ordezkari Utahko Euskal Etxeko kideak izaten dira urtero. Euskaldunek ohiko standa jarri zuten, euskalamerikar komunitateko jaki tipikoak eskainiz. Beste urte batez, arrakasta lortu zuten euren proposamenek, eta ez da harritzekoa, puri-purian gertatzen baitira euskal etxekoek bertako bazkideentzat maiz antolatzen dituzten sukaldaritza eskolak.
Utahko hiriburuak, Salt Lake City hiriak, bere urteroko Living Traditions kultur jaialdiaren edizio berri bat egin zuen joan den maiatzaren 18tik 20a bitartean. Jaialdi hau estatuan bizi diren talde desberdinen ohitura eta kulturen erakuslehio bizi bat da eta, euskaldunen kasuan, Utahko Euskal Etxea eta Triskalariak bere dantza taldea euskal kulturaren ordezkari izan ohi ditu. Duela bi urte, gainera, Triskalariak-edo gazteen argazki bat izan zen jaialdiaren karteleko irudia. Aurtengoan ere bertan izan dira euskaldunak, Utah Basque Club-aren standean. Hiru egunetan zehar jende dexente bildurik, euskalamerikar sukaldaritzako kutixi tipikoak dastatu nahian.

Elkarteko kide askok lagundu zuten standean, bai muntaia eta antolakuntzan zein ogitartekoak prestatzen eta sukaldean laguntzan. Izan ere, Utahko Euskal Etxean sukaldaritza puri-purian dabilen kontua eta zaletasuna da eta bazkideek gustura jarraitzen dituzte urtean lau alditan etxe partikularretan antolatzen dituzten sukaldaritza klaseak. Azken bilkura joan den maiatzaren 12an izan zen, Lisa eta John Carricabururen etxean, lagunarteko giro ederrean.

[Goiko irudietan maiatzaren 12an egin zen sukaldaritza klaseko irudiak. Ezkerretik eskubira eta goitik behera: Lisa & John Carricaburu anfitrioiak; jakietako bat; Marcel Gaztambide eguneko sukaldari gazteena, sukaldaritza hastapenak NABO Udalekun izan zituena; eta ikasleen arteko giro ederra klase/bazkalostean (argazkiak UtahBC)]


Lotura interesgarriak

Utah Basque Club euskal etxearen webgunea
http://members.aol.com/utahbasq

Utahko Euskal Etxea eta Triskalariak Living Traditions-en
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006eko ekainaren 15ean

Euskaldunak, Living Traditions-en afixeko protagonista
EuskalKultura.com-en 2005eko apirilaren 2an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia