euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utahko EEak euskal ondarea aurkeztuko du Salt Lake Cityko Living Traditions jaian 45.000 bisitariren aurrean

2008/05/15

Euskal Etxeko bi kide iazko jaialdian, euskal standean lanean (argazkia Living Traditions)
Euskal Etxeko bi kide iazko jaialdian, euskal standean lanean (argazkia Living Traditions)

PUBLIZITATEA

Euskal standa Living Traditions-eko klasikoetako bat bihurtu da, 1986an lehen aldiz Utah Basque Club-eko bazkideek jaialdian parte hartzeko elurte gogor bati aurre egin behar izan ziotenetik. 22 urte pasa dira eta Utahko talde etnikoen eraskuslehio izateko asmoz jaio zen ekitaldia, 45.000 bisitari baino gehiago biltzen dituen jaialdi erraldoia bihurtu da. 'Gure ohiturak eta gastronomia munduan zehar ezagunak dira. Horiek mantendu eta gure seme-alabei erakustea da gure asmoa', azaltzen du Mary Gaztambidek, euskal etxeko lehendakariak, Salt Lake Tribune egunkarian argitara emandako elkarrizketan. Bihar bertan hasiko da jaialdia.
Utahko Euskal Etxea bere standari azken ukituak ematen ari da, asteburuan Living Traditions Festival: Keeping the art alive jaialdiaren 23. edizioan parte hartzeko. Jaialdi hau Utah estatuko komunitate desberdinen kultura eta gastronomia erakustaldia da eta jende andana biltzen du urtero Salt Lake City hiriburura. Euskal Etxea jaialdiko elkarte beteranoetako bat da, izan ere, lehen edizioaz geroztik parte hartzen du bertan, hutsik egin gabe. Euskal gastronomia standa eta Utahko Triskalariak dantza taldearen erakustaldiak 'klasikoak' bihurtu dira jaialdiko egitarauan.

Aurten jaialdiak 45.000 bisitari baino gehiago izango duela diote aurreikuspenek. Jaialdia hitzordu oso garrantzitsua da Utahko komunitate eta elkarteentzat, euren kultura ezagutarazi eta elkartearen funtzionamendurako sosak biltzeko aukera ematen dielako. Aurtengo jaialdian, euskaldunekin batera, honako komunitateek hartuko dute parte: Tonga irletakoek, hawaiiarrek, boliviarrek, libanotarrek, tibetarrek, filipinarrek, pakistandarrek, laostarrek, salvadortarrek, tailandarrek, suitzarrek, eskoziarrek, vietnamdarrek, bosniarrek, Ipar Amerikako indiarrek, italiarrek, txinatarrek eta sudandarrek.

Elur jasari aurre eginez lehen edizioan

Mary Gaztambide, Utahko Euskal Etxeko lehendakaria (NABO, AEBetako euskal etxeen elkarteko lehendakaria ere bada) jaialdiko aitzindarietako bat da eta 22 edizioetan parte hartu du, lehendabiziko hartatik hasita. 'Jaialdi etniko bat zen eta gu talde etniko bat ginenez, zera pentsatu genuen, bertan egon eta geure burua ezagutzera eman behar genuela', azaltzen du.

Lehenengo edizio hartan antolatzaileek inaugurazioa baino lehen egin zuen bi eguneko elurteari aurre egin behar izan zioten. Casey Jarmanek, jaialdiaren zuzendariak, ederki gogoratzen du egun haietan bolondresek hotz eta basa artean dena prest edukitzeko egin zuten lana. 'Jendeak erotuta geundela uste zuen, baina guk aurrera egin genuen. Oso positiboa, eta komunitatearen indarraren erakusgarria izan zen'. [Ezkerreko irudian Mary Gaztambide ikurrinarekin (argazkia Salt Lake Tribune)]

Txistorraren arrakasta

Gaztambidek gogoan du lehen urte hartan ez zekitela zenbat janari erosi behar zuten euskal standean saltzen diren ogitarteko eta euskal jakiak prestatzeko. Taldeak txistorra sorta ederra atondu zuen baina ez zen inondik inora nahiko izan. Telebistako albistegian gobernadorea txistorra ogitartekoa jaten agertu zen eta eskariak berehala ugaldu ziren, lehen egunean bertan prestatutako txistorra guztia bukatzeraino. Baina euskaldunek irudimena eta sukaldaritzan zuten eskarmentua baliatuz plater berri bat asmatu --eta prestatu-- zuten hurrengo egunerako: haragi errea pipar gorriekin. Esan beharrik ez dago, harrez gero euskal standeko ogitartekoak jaialdiko 'klasiko' bihurtu direla.

Ospakizuneko beteranoek argi dute Living Traditions-eko hiru egun hauek duten garrantzia. Bertan euren kultura komunitatearekin partekatzeko aukera dute, eta gainera elkarteentzako dirua eta partaide berriak bildu ditzakete. 'Gure tradizioak eta gastronomia munduan zehar ezagunak dira', dio harro Gaztambidek. 'Gu horiek mantendu eta seme-alabei erakusten saiatzen gara. Berdin gertatzen da dantza, musa, pilota, kantu eta musikarekin. Eta gogor lan egiten dugu hizkuntza mantentzeko, North American Basque Organization elkartearen bidez. Hizkuntza oso garrantzitsua da. Milaka urte zahar da', bukatzen du.


Lotura interesgarriak

Living Traditions 2008
www.slcgov.com

Utahko Euskal Etxea
www.utah-basque.com

Mary Gaztambideri elkarrizketa
Salt Lake Tribune egunkarian

Utah Basque Club 2007ko Living Traditions jaialdian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 31an

Euskal Etxea eta Triskalariak 2006ko Living Traditions-en (erd.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia