euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utah-ko Euskal Etxea, "Basque Dinner and Dance"ren eta NABO bileraren anfitrioi arrakastatsu Salt Lake Cityn

2017/02/16

Utah-ko Triskalariak taldeko kideak joan den asteburuan, Salt Lake Cityko "Basque Dinner & Dance"n (argazkia EuskalKultura.com)
Utah-ko Triskalariak taldeko kideak joan den asteburuan, Salt Lake Cityko "Basque Dinner & Dance"n (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Asteburu lanpetua izan dute pasa dena Estatu Batuetako Utah-ko Salt Lake Cityko euskaldunek eta bertako Utah-ko Euskal Etxeak (Basque Club of Utah). Bi ekitaldi nagusi bildu zituen larunbatak: goizeko 8:00etan hasita, NABOren urteko lehenengo bilera, AEB osotik etorritako delegatuak partaide; eta iluntzean, seietatik goiti, tokiko elkartearen urteroko "Basque Dinner and Dance" ekitaldi klasikoa, euskal etxearen urteko diru-sarreretan oinarrizkoa den ekitaldia. Arrakasta betez ospatu ziren biak.

Salt Lake City, AEB. Utah-ko Euskal Etxea Estatu Batuetako euskal elkarteetako delegatuen anfitrioi izan da beste behin joan den larunbatean, NABOren urteko lehenengo bileraren egoitza izanez goizeko 8etatik aurrera hiriko Saint Ambrose Hall izeneko aretoan. Herrialdeko hainbat estatuetatik NABOko lehendakari Valerie Arrechea buru izan zuen bilkuran jardun zuten, eguerdiko hamabiak alderaino luzatu zen saioan.

Bildutakoek begiratua eman zioten AEBetako eta Kanadako euskal etxe eta elkarteak batzen dituen federazioaren ibilbideari, zenbait sailburu eta arduradunek aurkeztutako txostenen bidez. Besteak beste aipatu ziren NABO eta HABEren arteko euskara programa, 'Memoria Bizia' proiektua, pilota ekinbidea, iazko Udaleku Salt Laken eta aurtengoa Chino Kalifornian, trukeak Euskal Herriarekin, tokiko, nazioko eta nazioarteko Mus Txapelketak, 2017ko NABO Convention Wyoming-eko Buffalon, iazko Kantari Eguna Rocklinen (Kalifornia) eta aurtengoa Gardnervillen (Nevada), hezkuntza proiektuak, unibertsitate mailakoak eta kontu ekonomikoak. Nevada-Reno Unibertsitateko Iñaki Arrieta liburuzainak eta EuskalKultura.com-eko Joseba Etxarrik ere izan zuten agerraldia; eta, Euskal Herritik etorri berria, Jaurlaritzako Boiseko bekadun berria, Intza Balenciagak bere burua aurkeztu eta bere lehenengo kontaktau izan zuen NABOrekin. Ikus bileraren laburpena NABOren Astero astekarian.

Eguerdi partez, NABOko delegatu eta gonbidatuek ahaidetasun bazkari ederraz gozatu zuten, Utah-ko Euskal Etxeko sukaldariek prestatua, eguerdiz Jean Flesher-en ardurapean; eta gauean (ekitaldi publikoan), Johnny Cendagorta buru. Urtero bezala, partaideak --euskaldunak zein ez-euskaldunak-- loriatu ziren sukaldari talde bolondres eta ber denboran trebatu honek eskainitakoarekin, tartean porrusalda, bakailaoa, lekak, haragi errea, txokolate postre berezia...

Izan ere, urtero otsail hasiera aldean Salt Lake Cityko herritarrei begira antolatzen den "Basque Dinner and Dance" ekitaldia, bertako egutegian erabat sendotuta dagoen eta amerikar ez-euskaldun publiko polita ekartzen duen ekitaldia da, Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile, eta etxeko sukaldari bolondres taldea prestatzaile. Lan handia hartzen dute euskal etxeko kideek guztia ezin hobe atera dadin, eta izen ona lortua du urteetan zehar ekitaldiak. Aurtengoan, esaterako, astebete lehenago ez zen sarrerarik geratzen. Ekitaldiak afaria baitaratzen du, eta afaldu bitartean Utah-ko Triskalariak euskal dantza taldearen emanaldia, euskal musikariekin, filma batzuek ere eskainiz, enkante eta zozketak eginez, guztiaren etekina euskal etxearen ekintzetarako. Eguna dantzaldi batekin amaitzen da, kasu hinetan Jean Flesherren bandaren musika euskal-amerikarraren erritmoez (hona `programa).

Hona eguneko argazki-kronika moduko bat, irudi hautu batzuekin:


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia