euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utah-ko (AEB) euskal irudien selekzio bat, 1951ean Life-ko Carl Mydans argazkilariak hartua, sarean ikusgai

2008/12/09

Life-ko argazkietako bat: artzainak karrokanpo barnean (argazkia Carl Mydans-Life-Time)
Life-ko argazkietako bat: artzainak karrokanpo barnean (argazkia Carl Mydans-Life-Time)

PUBLIZITATEA

Life aldizkari estatubatuarrak Utah-ko euskal komunitateaz 1951ean eginiko argazki-sorta bat ikusgai dago interneten, argitalpen garrantzitsu honen artxibo grafikoetan Estatu Batuetako euskal komunitateaz eta euskaldunez dagoen ondare zabalagoaren erakusgarri. Utah-ko euskaldunei kanpoan --mendietan artzain giroan--, eta barnean --Salt Lake City-ko euskal ostatuaren babesean eguneroko bizitza egiten-- eginiko argazkiak dira. Salt Lake-ko Euskal Etxeko Jean Flesher eta Larry Osoro medio eskuratu dugu informazioa --milesker bioi-- heda dezagun eskatuz.

Salt Lake City, Utah, AEB. Utah-ko Jean Flesher eta Larry Osoro lagunek bidalitako informazio eta lotura da Utah-ko euskal argazki hauena. Hemen dago aipatzen ari garen argazkiekiko lotura, Google medio. Argazkiak berrehun bat dira, 1951ean Life-ko Carl Mydans argazkilariak egindakoak. Salt Lake City inguruko euskaldun guztiak ez ziren orduan artzaintza lanetan ibiltzen, multzo polita mehatze lanetan ere aritzen baitzen. Argazkiotan John eta Claudia Landaren Salt Lake Cityko 'Hogar' Hotel euskaldunaren barruko irudiak ere agertzen dira. Jaime Sangroniz agertzen da euren artean.

Esan beharra dago Estatu Batuetako zenbait estatutan, batez ere joan den mendeko 50. hamarkadako urteetatik hasita, gizartea eta komunikabideak begiak zabaltzen eta arreta ipintzen hasi zitzaizkiola euskal komunitateari eta orduan Mendebaldeko lautada, basamortu eta mendietan andanaka zeuden artzain euskaldunei. Euskaldunekiko eta beste komunitate immigrante batzuekiko interes honek, komunikabideetan ezezik, unibertsitateetan ere izan zuen isla eta hor ere lekukotasun-biltzeak, argazki-bildumak osatzeak eta oro har ikerlanen egiteak pizte bat bizi izan zuten, euskal artzainaren irudia erreskatatu eta mitifikaturik, arketipo gisa, naturarekin harreman zuzen eta sanoan dagoen gizaki baloredun eta baliodun imitagarri legez.

Testuinguru honetan kokatuko litzateke seguruenik Life aldizkariaren lan grafiko hau, Estatu Batuetako historiako parte, eta Diasporako beste hainbat pasadizo bezala, euskal historiako parte ere badena. Esan bezala, argazkiak hemen.

Lotura interesgarriak

Basque Club of Utah, Utah-ko Euskal Etxea
http://www.utah-basque.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia