euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utah Basque Club euskal etxeak urteko bere jairik garrantzitsuena ospatuko du larunbatean, uztaileko Udalekuren antolaketa gogoan

2016/01/28

Urte berezia du aurretik Utah-ko Euskal Etxeak; asteburu honetan ospatuko du urteroko jaialdia eta, udan, Udalekuen kargua izango dute (Argazkia: BCoU)
Urte berezia du aurretik Utah-ko Euskal Etxeak; asteburu honetan ospatuko du urteroko jaialdia eta, udan, Udalekuen kargua izango dute (Argazkia: BCoU)

PUBLIZITATEA

Datorren larunbatean, hilaren 30ean, Klubeko urteroko jaia ospatuko dute Utah-ko euskaldunek, St. Ambrose Hall-en. “Urteko jairik handiena da Euskal Etxearentzat”, esan dio Cirbie Sangroniz dantza irakasleak EuskalKultura.com-i. Data berezia, beraz, oso urte berezi batean; izan ere, NABOk antolatzen duen Udalekua, aurten, Salt Lake City-n bertan izango da.

Salt Lake City, AEB. Utah-ko Euskal Etxearen urteroko jaia oso berezia da, herrialdeko beste elkarteen jaiekin alderatuz gero. Sangronizek adierazi duen legez, “hurbiltzen direnen artean, %30a baino ez da euskalduna”. Euskal girotik kanpoko jendetza bilduko da, beraz, Utah-ko baskoen ospakizunaren harira. “Oso gauza ederra da guretzat euskaldunak ez diren hainbeste hurbiltzea, bai eta komunikabideek honen inguruan hitz egitea ere”. Dantza irakasleak esan duenez, dagoeneko, telebistan behin baino gehiagotan egin dute jaiaren inguruan berba.

Dantzarien ardura izateaz gain, aurten, Sangronizek, Marcel Gaztambiderekin batera, jaialdi osoaren ardura dauka. Beraiek antolatu behar dituzte boluntarioen taldeak eta, egunean bertan, dena ondo ateratzearen azken ardura beraiena da ere. 220 lagunek erosi omen dute sarrera dagoeneko baina, 300dik gora espero dutela gehitu du dantzariak.

Urteko jairik handiena izaki, Klubarentzat diru sarrera iturri handiena ere bada eta, tabernari esker egiten dutenaz gain, zozketari esker biltzen dute diru gehien. Bob Ithuraldek hartu du zozketaren kargu aurten eta, beste hainbat gauzen artean, urdaiazpikoa, ardo kutxak, janariz betetako saskiak, txapelak, margolanak eta abar luzea jaso ditu Euskal Etxeko bazkide, hiriko hainbat enpresa eta artista zenbaitzuengandik.

Sangronizek aitortu duenez, urtero bertaratzen direnak leku berean jesarri ohi dira eta, horrela, mahaien arteko lehia ere sortzen da, zeinek diru gehiago emango. Onuragarria da hori Klubarentzat eta ongi pasatzen du jendeak.

Euskal kulturaren hainbat aurpegi ezagutuko dute bertaratutakoak larunbatean. Besteak beste, Triskalariak dantza taldearen ordu bete inguruko emanaldiari esker. Urteko dantzaldi handiena izan ohi dute hau nahiz eta, aurten, Udalekuaren ardura beren gain izango dutenez, dantza eskolekin laguntzen ere arituko dira. “Oso pozik gaude Udalekua hemen (Salt Lake City-n) izango delako. Uste dut 1984az geroztik ez dela hemen gauzatu”.

San Frantzisko eta Bakersfield

Salt Lake Cityrekin batera, San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek ere asteburu honetan ospatuko du urteko jaia, igandean baina. Eta, aurreko urteetan ez bezala, mus txapelketa egun bakarrean egingo dute, ez bitan. Txapeldun eta txapeldun ordeek NABOko mus finaletan ordezkatuko dute Euskal Etxea.

Bere aldetik, Kern County Basque Club-ak iragan larunbatean egin zuen mus txapelketa eta Michel Plaa eta Xavier Aphessetche izan ziren garaile. Victor Albistur eta Martin Irigoyen izan ziren bigarrenak. Hauek laurak izango dira, beraz, Rocklin-eko finalean, Euskal Etxea ordeztuko dutenak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia