Tokio, Japonia. Sorpresa bat baino gehiago suertatu ziren martxoaren 1ean Tokyoko Euskal Etxeak antolatutako I. Tortilla Txapelketan. Yaiza Lartategi euskaldunak batere ohikoa ez den errezeta bat prestatu zuen, errezeta beganoa hain zuzen, eta boto gehienak jaso zituena izan zen. “Jendeak ez zekien beganoa zenik baina oso ona zen eta irabazle atera zen”, jakinarazi digu Euskal Etxeko lehendakari eta Txapelketaren irabazleetako bat den Gari Ortigosak.
Ikhlas Abdul Hadi, Yaiza Lartategi eta Gari Ortigosa irabazleak. Botila ardo bana eta agiriak jaso zituzten. Lehenengo postuan geratu zenak txapela ere bereganatu zuen
Argiñe Diana arduratu zen botazioaz
Bigarren saria, berriz, ez zen euskaldun batentzat izan. Ikhlas Abdul Hadi malaysiarra geratu zen bigarren postuan, eta berak ere poz-pozik jaso zituen botila bat ardo eta agiri bat. Hirugarren postuan, eta hau ere ezustekoan, Gari Ortigosa lehendakaria geratu zen. “Eta lehendakaria naizenez, tokatu zitzaidan ardoa denon artean edan genuen”, azaldu digu plentziarrak. “Oso pozik gaude Txapelketak harrera paregabea izan zuelako Euskal Etxeko lagunen artean. Eta aipatu behar dut guztion lana izan zen arren, ekintza egin ahal izateko, antolatzaile nagusia Argiñe Diana zuzendaritzako kide berria izan dela”.
Txapelketaren une onena, tortillak jatekoa izan zen
Jatorri anitzeko lagun talde polita animatu zen Txapelketan parte hartzera, bai lehiakide gisa bai dastatzaile moduan: euskaldunak (Gipuzkoakoak, Bizkaikoak, Arabakoak eta Lapurdikoak), japoniarrak, malaysiar bat, irlandar bat eta andaluziar bat… “Arrakasta handia izan zuen proposamenak, beraz, asmoa dugu datorren urtean Txapelketaren bigarren edizioa egitea!”, kontatu digu, pozik, Garik.
Tokyoko Euskal Etxea Instagramen, 東京バスクの家 Tokyoko Euskal Etxea