euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uso askatze hunkigarri batek eman zion hasiera Argentinako Eguiazutarren lehenengo topaketari, Victoria herrian

2017/11/03

Argentinako Eguiazutarren lehenengo topaketa
Argentinako Eguiazutarren lehenengo topaketa

PUBLIZITATEA

Francisco Eguiazu Ibarzabal bergararraren laurogei bat ondorengo argentinar bildu ziren urri erdialdean Victoria herrian, Entre Rios probintzian, Franciscoren herenilobetako bat den Sergio Eguiazuk bultzatutako topaketan parte hartzeko. Egun osoan zehar, pasadizo eta argazkiak partekatu zituzten, zuhaitz genealogikoa osatu eta jadanik ez daudenak gogoan izateko, uso askatze hunkigarri bat egin zuten lehengusuek.

Victoria, Argentina. Elkarretaratzea urriaren 15ean, igandea, izan bazen ere, bezperan hasi ziren iristen Argentinako hainbat bazterretatik Eguiazutarrak Victoriara. Eta eguna aprobetxatzeko, beti ere sustraiei buruz gehiago ezagutzeko, herriko Arantzazu Parrokia bisitatzera eraman zituen Sergio Eguiazu buru zuen antolatzaileen taldeak, ez baita ahantzi behar Victoria, Argentinako beste hainbat herri bezala, euskal eragin eta arrasto handia duen herria dela, eta Arantzazuko Ama dela sorreran Salvador Ezpeleta oiartzuarrari loturiko herri honen zaindaria.

Topaketa El Horizonte lursailean egin zen eta bertan bildu ziren Francisco Eguiazu laurogei ondorengo, Resistencia, Dolores, Buenos Aires, Rafaela, Villa Constitucion, Rosario eta Santa Fe hirietatik etorriak. Bazkalaurrean bildutakoek uso multzo bat aireratu zuten, zendutako ahaideak gogoan, berezi hunkarria bilakatu zen ekitaldian. Sergio Eguiazuk EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “usoak askatu genituenean, guztiok zerura begiratu genuen; hori zen xedea, familian oso fededunak baikara eta badakigu-eta joan zitzaizkigun ahaideak zeruan daudela guri begira. Oso une hunkigarria izan zen”.

Baina hori ez zen une berezi bakarra. Izan ere, lehengusuetako batzuk kilometro ugari egin zituzten topaketan parte hartzeko eta kasu askotan elkar ezagutzeko. “Silvina Eguiazuk, esaterako", jarraitzen du Topaketaren bultzatzaile nagusiak, "1.200 kilometro egin zituen. Hasiera-hasieratik esan zuen parte hartuko zuela eta ongi bete zuen bere 'euskaldun hitza'!", diosku. "Nire kasuan, 600 kilometro egin nituen eta duela 25 urte ikusten ez nuen Chacoko nire lehengusua ikusi dut, hori ere hunkigarria!”, azaltzen du.

Arratsaldean zehar aukera izan zuten lehengusuek pasadizo, oroitzapen eta sentimenduak konpartitzeko. Argazki zaharrak ere trukatu zituzten eta familiaren zuhaitz genealogikoa osatzeko hainbat datu eskuratu. Agur esateko momentuan, Rafaelako Guillermo Eguiazuk eta Resistenciako Jorge Eguiazuk esker oneko hitzak esan zituzten. Joan aurretik oroigarri bana jaso zuen lagun bakoitzak eta 2. Topaketaren data eta lekua adostu zuten: 2018ko urrian, Santa Fe hirian.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia